Ximon Villalobos Alvarez: "Hemen inguruan izaten ditugun lasterketak oso politak izaten dira"

Nerea Eizagirre 2024ko urr. 18a, 09:30

Villalobos (gorriz), Herbeheretan jokatutako 3-daagse maratoian. Arg.: Peter Donderwinkel.

Ximon Villalobos Alvarez Irristaka taldeko patinatzailea

Kasualitatez iritsi zen Ximon Villalobos Alvarez (Lasarte-Oria, 2005) herritarra abiadura patinajera. Txikitan patin batzuk erosi eta plazara ateratzen zen bere aitarekin. Ostera izotz hockeya egiten hasi zen eta egun batean abiadura patinaje proba bat ikustea joan zen. Hor sartu zitzaion jakin mina eta Tolosako Irristaka taldera gerturatu zen. Espainian eta Europako hainbat probatan lehiatu da herritarra eta egun bere idoloen artean lehiatzen da. Azken urteetan Lasarte-Oria Bai! kroseko podiumeko gorenean izan da patinajeko proban. Harekin bildu gara bere kirolaren gainean gehiago jakiteko

Abiadura lasterketetan zabiltza, baina zertan datza?

Abiadura irristaketa atletismoaren antzeko izan daiteke. 100 metrotik maratoirako distantziak ditugu. Badaude 500 m. edo 1000 metroko probak eta horiek abiaduran gehiago zentratzen dira. Besteak iraupen luzekoak dira. Proba luzeagoak ere badaude, baina horiek bereziak izaten dira.

Pista espezializatuetan egiten dugu lehiaketa, Gipuzkoan ez dago horrelakorik. Baina Iruñean horrelako hiru edo lau daude.

Zein da zure probarik gustukoena?

Egiten diren probetatik Irristakako kideek gehien gustuko ditugunak eta hobekien datozkigunak iraupen luzeko probak dira, eliminazioa eta puntukakoa. Horiek dira entrenatzen ditugunak.

Bereziki gustuko ditugu errepideko zein zirkuituko probak ere. Gipuzkoan horrelako lasterketa batzuk topa ditzakegu udazkenean. Behobia-Donostia, Donostiako Klasika, Bergara, Lasarte-Orian bera eta inguruan egiten diren beste maratoi batzuk. Bestela urruti joan behar gara lehiatzeko.

Iraupen luzeko probak aipatu dituzu. Nolakoak dira lasterketa horiek?

Txirrindularitzako pistako proben antzekoak dira. 10 kilometrotako lasterketak dira eta bi itzulietatik behin kanpaiak jotzen du. Marrara lehen iristen denak bi puntu lortzen ditu eta bat bigarrenak. Horrela ez da irabazle lehen iristen dena, baizik eta puntu gehien duenak. Eliminazioan ere antzekoa da, baina azkena iristen denak proba utzi behar du.

Nola banatzen da zuen denboraldia?

Udaberria betea dugu. Pistako eta zirkuituko txapelketa gehienak udaberrian izaten dira; otsaila- martxoan hasi eta ekainean amaitzen dira. Europako Kopak, Espainiako txapelketak eta txapelketa garrantzitsuak orduan dira.

Europako eta Munduko probak ere iraila aldera dute etena. Eta irailetik aurrera gehiena errepideko probak dira. Beti dago trofeo askeren bat pistan izaten dena. 

Indoor probak ere izaten dira. Horiek saskibaloi kantxatan egiten ditugu. Ikusgarria den modalitate bat da eta Tolosan nahiko praktikatzen dugu, azkenean pilotaleku batean entrenatzen dugu eta gehien gerturatu daitekeen estiloa indoorra da. 

Etenik egiten al duzue?

Udan atseden hartzen dugu. Eten sakorik ez, azkenean bizioa hartzen diogu eta…

Udazkena lasaiagoa da. Baina ez gara geldi egoten; astebururo ari gara lehian. Zaragozan egon gara; Liga nazionaleko jardunaldia dugu hilaren 12 eta 13an eta Galiziara goaz asteburu osoa.

Orain Behobiara arte egongo gara errepideko probekin eta beranduago ere; Lourdesen (Frantzia) beste lasterketa bat egiten dugu.

"Aurten mailaz aldatu gara eta emaitzak ez dira lehengo urtekoak izan"

Hainbeste proba eginda, zein izan da zure emaitzarik onena aurten?

Aurten mailaz aldatu gara eta emaitzak ez dira lehengo urtekoak izan, inondik inora ere. Nik aurten Liga nazionaleko ligan lortu dut emaitzarik onena. Indibidualki aurten urte zaila izaten ari da absolutu mailan gaude eta maila horretan 18 urterekin nabarmentzea zaila izaten da. 

Taldeari dagokionez, bi urtetan jarraian igoera postuetan egotea lortu dugu eta polita izango da lehen mailara igoera lortzea. Gainera, jakinda Gipuzkoan ez ditugula horrelako pistak entrenatzeko eta besteekiko nahiko desabantaila dugula.

Espainiako mailan Liga nazionalean lehiatzen da Irristaka, nolako da lehia hori?

Espainia mailan dagoen txapelketetarik ospetsuena da, Espainiako txapelketa kenduta. Urtean lau asteburu izaten dira.

Gu Irristaka bezala iaz sartu ginen lehen aldiz. Hiru maila senior daude. Iaz bigarren mailarako igoera lortu genuen eta aurten ea lehenengo mailarako igoera lortzen dugun.

Osotasuna izaten da kontuak eta abiadura probak eta iraupen luzekoak egiten dira. Gehienak pistetan izaten dira. Pistak peraltedun 200 metroko zirkuitu txiki batzuk dira.

Beste modalitate bat ere zirkuitua da. Horiek normalean asimetrikoak izaten dira eta errepidearen antza gehiago dute. Baina itxiak dira. Lekuaren arabera 400 bat metrokoak izan daitezke, badaude ere 600 metrokoak… bakoitza berezia izaten da.

Ligan talde polibalenteena saritzen da abiaduran, iraupen luzeko probetan, pistan zein zirkuituan ondo ibiltzen diren taldeak. Lau asteburu horietan hobekien ibiltzen den taldeak irabazten du.

Europako eta Munduko probak daudela adierazi duzu. Zuek ere horietan parte hartzen al duzue?

Urtero Europako Kopako jardunaldi batzuetara joaten saiatzen gara. Ekonomikoki ezin gara guztietara joan, kristoren gastua da. 

Lehengo urtera arte gehiago disfrutatzen genuen emaitzak hobeagoak izaten zirelako, adibidez, seigarren postu bat lortu nuen Lagosen, Portugalen. Aurten berriro joan gara, baina munduko onenen aurka jokatu dut eta emaitza ez da bera izan. 

18 urterekin 27 urteko bataz bestekoa duen pelotoi batean sartzea ez da erraza, sufritzea egokitu zaigu hurrengo urteetan, behintzat. Baina kristoren esperientzia da zeren zure idoloekin batera lehiatzen zara, Messi edo horien pareko izan daitezkeenekin. Eta aldemenean dituzu irteeran eta haiekin zaude lehian. Alde horretatik polita da horrelako txapelketetan parte hartu ahal izatea. 

Errepideko probak ere aipatu dituzu. Nolako probak izaten dira?

Denetarik izaten dira. Errepidekoak normalean maratoiak izaten dira. Hemen inguruan P2P deitzen zaion Iruñea-Gares dago. Munduko mailako patinatzaileak izaten dira.

Hemen inguruan izaten ditugun lasterketak ere oso politak izaten dira. Gehienbat gure kirola ikustarazteko modu bat dira eta maila dagoela erakutsi ahal dugu. Irristaketa berriro ere gorantz doa, garai baten izan zuen indarra berreskuratzen ari dela uste dut.

"Sufritzea egokituko zaigu hurrengo urteetan"

Eta proba horien guztien artean, Lasarte-Oria Bai! krosa egon ohi da. Podiumean egon zara azken urteetan, baina aurten ez da egingo.

Pena da baina Donostiako Klasika da egun berean. Bi lasterketa egun berean izatea komenigarria ez zela iruditu zitzaigun eta gainera, Lasarte-Oriakora parte hartzaile gutxi joango ziren. Baina hurrengo urtean espero dugu egin ahal izatea.

Proba horiei guztiei aurre egiteko nolakoak dira zure entrenamenduak?

Denetarik egiten dugu. Gure kirolean zaila da leku espezifiko bat izatea. Entrenatzeko pista espezializatuak ditugu. Frontoi  batean ibili izan gara entrenatzen Tolosan, baina urte batzuk dira espazioa txiki geratu zaiguna eta errepidean ibiltzen gara; nahiko arriskutsua da kamioi eta kotxeen artean ibitzen garelako.

Baina orain antzeko maila dugun hiru patinatzaile gaude Gasteizen ikasten eta  bertan ari gara bizitzen. Bertan badugu entrenatzeko aukera gehiago. Hiru aste daramatzagu nahiko ondo entrenatzen eta gainera, Gasteizen talde ona dago Desliza Vitoria, historikoki talde ezaguna da eta Munduko txapeldun bat eta dena dauzkagu hemen gurekin entrenatzen, Patxi Peula. Beraz aurtengoa maila horretan ezberdina izaten ari da.

Eta nola egiten duzu ikasketak eta kirola uztartzeko?

Kirol guztietan bezala gabiltza. Baina egia da irristaketak ez duela bizitzeko ematen. Eta ematen badu da maila handikoa izan behar zara eta munduan oso gutxi dira aukera hori dutenak.

Baina nik uste dut bai ikasketekin bai lanarekin ongi moldatzeko kirol bat dela. Ze azkenean edozein momentutan dugu entrenatzea, patinak hartu eta errepidea joan edo asko entrenatzen dugu ere bizikletan eta gimnasioan. Gustuko dugu eta aukerak bilatzen ditugu entrenatzeko, hori ez da arazoa.

Herritarrak animatuko al zenituzke patinajea probatzera?

Leku bat baino gehiagotik iritsi zait jendeari kristoren inbidia ematen diola irristaka egiten dakien pertsonak ikustea. Jendeak beldur dio irristaketari eta esperientziarekin ikusi dugu, heldu hasita ere aukera dagoela irristaketaz gozatzeko. Eta orain ikastaro pila bat daude herri askotan. Horregatik jendeari animatzeko esango nioke. Jarduera fisikoa egiteko aukera ona da; ez daukalako korrika egiteak duen eragina belaunetan. Gainera, dibertigarria da. 

Eta txapelketaren bat ikustera gerturatu nahi badute ere, Tolosako indoor txapelketa egiten dugu abenduan. Hemen gertu goi mailako txapelketa ikusteko aukera polita da. Errepidekoak, aldiz, Behobia-Donostia edo Donostiako 15 K. Klasika daude. Pena da aurten Lasarte-Oriakoa ez egitea.