Bi hamarkada daramatza Idoiak gizarte hezitzaile gisa lanean eta pasioz hitz egiten du bere ogibideaz. Esku hartzeak egin ditu orotariko arazoak (indarkeria eta abusuak, dolua, eskola jazarpena, autoestimu arazoak...) dituzten haur, nerabe eta gurasoekin. Zentzu horretan, ezinbestekoa iruditzen zaio prebentzio lana egitea eta lanean ahal bezain laster hastea, egunerokoan "uste baino ohikoagoak" diren egoera horien ondorioak "larriegiak" izan baino lehen. "Gaizki sentitzen den edonor, kasua edozein izanda ere, etor dadila laguntza eskatzera eta lagunduko diot egoera bideratzen".
Eta nola egiten du lan Idoiak? Ba, ireki berri duen zentroaren izenak ongi dioen bezala, xumetasunetik eta bi hamarkada hauetan pilatutako esperientzia oparotik. "Helburua da esku hartzeetan benetan garrantzitsua eta oinarrizkoa denari kasu egitea: haurrei, nerabeei eta haien zailtasunei zein ahalmenei zuzenean begiratzen diet, zer behar duten ulertzeko". Horri lotuta, gizarte hezitzaileak nabarmendu du "irekita" dagoela "edozer" egiteko, betiere laguntza behar duten pertsonekin aurretik adostuta.
Baliabide ugari
Lehen deskribatutako espazio goxo horretan hartzen ditu Idoiak beregana jotzen duten pertsonak. Horrek ez du esan nahi, hala ere, esku hartze osoa bertan egiten duenik: "Beharrezkoa bada kalera atera gaitezke paseo bat ematera eta beste toki batzuetara mugitu, laguntzen ari naizen pertsonarekin konfiantzan".
Erabiltzen duen metodologiaren barruan baliabide eta ekinbide ugari ditu Idoiak: gorputza, artea, musika, natura... eta animaliak ere bai, batez ere, Mango bera. "Uste dut animaliak gai direla bizitzan zehar ulertu, sentitu eta adierazi behar dugun hori transmititzeko, irakasteko eta garrantzia emateko".
Esku hartzeak ez ezik, Idoiak eskaintzen ditu baita ere formakuntza saioak haur eta nerabeekin egunerokoan lan egiten duten profesionalentzat, esate baterako, irakasleentzat. Halaber, gisa horretako lanketak guraso direnekin ere aurrera eramaten ditu.
Gune "alternatiboa"
Laguntza behar dutenei gizarte hezitzaile batengana zuzenean joateko aukera ematen die Idoiak. "Askotan, haurrak eta nerabeak errazago irekitzen dira gizarte-hezitzaile batekin, eta lanerako prestutasun handiagoa dute gizarte- eta hezkuntza-lanaren esparruan".
Bestalde, Xumeren sortzaileari iruditzen zaio askotan familiek ez dutela gizarte hezitzaile batengana jotzen gisa horretako zerbitzuek izaten duten "ospe txarragatik", haurren babeserako sistema publikoarena batez ere. Horrez gain, iruditzen zaio gizarte hezitzaileen lana oraindik ez dela ezaguna eta laguntza behar dutenek aurreiritziak izan ohi dituztela horregatik: "Sarritan entzun izan dugu 'umeak kenduko dizkidate' eta antzeko esaldiak, adibidez".
Horren aurrean, gune "alternatibo" bat eratu du Idoiak, esku hartze bat behar duten haur eta nerabeek " prozesu informal, dinamiko, hezigarri eta desberdin bat bizi ahal izan dezaten".
Bideratzeko ere bai
Esku hartzeak, formakuntza... eta aholkularitza edo egoeraren bideratzea ere bai. Bi hamarkada hauetan profesional ugarirekin batera lan egin du Idoiak, eta, horregatik, beste esparru batzuetan jarduten dutenekin elkarlanean aritzeko aukera ugari ditu. "Zenbaitetan, horrek aberastu egiten ditu esku hartzeak eta are eraginkorragoak izan ohi dira".
Horregatik, behin eta berriro aipatu du Idoiak gauza berbera: "Gaizki sentitzen den edonor etor dadila Xumera laguntza eske; esku hartze baten ordez beste laguntzeko eraren bat behar badute pertsonek, gomendatuko dizkiet beste profesional batzuk".