Ostadar Gorengo mailako taldeak, denboraldi hasiera bikaina

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 16a, 12:30

Ostadar SKTko Gorengo mailako taldeak ederki hasi du denboraldia. Lau neurketa jokatu ditu Lasarte-Oriako taldeak, hiru garaipen eta berdinketa bat eskuratu ditu eta sailkapeneko buru da Euskalduna Andoaindarrarekin hamar puntura berdinduta. Hilaren 12an, Michelin kirol gunean jokatutako neurketan Jon Iruretak zuzentzen duen taldeak 3-1 garaitu zuen Mariño 

Helburua argia zuen Ostadar SKTk, hiru puntuak etxean geratzea. Lehengo astean Astigarragako Mundarroren aurka lortutako puntua aintzat eman nahi zuen etxeko taldeak aurtengo denboraldi hasierako dinamika onari jarraipena emateko. Gainera, etxeko jarraitzaileen aurrean neurketa ona egin nahi zuten Gorengo mailako jokalariek. 

Taldea gogotsu atera zen zelaira. Prestatzaileak nabarmentzen duenez jokalarien jarrera izugarria izan zen: "Baloiarekin, banako lehian eta baloirik gabe ere ederki moldatu ziren. Horri esker markagailuan aurreratu ginen".

Nahiz eta etxeko taldeak aukera ugari sortu, 1-0 iritsi ziren lehen zatiko amaierara. Eta bigarren zatian lanean jarraitu behar zutela argi utzi zien Jon Iruretak Gorengo mailako jokalariei: " Ezin genuen emaitzarekin espekulatu".

Zelaira itzultzean, beraz, bigarren golaren bila atera ziren urdin-beltzak eta 50. minutuan eskuin hegaletik egindako jokaldi bati esker, bigarrena lortu zuen etxeko taldeak.

Golaren ostean, Ostadarrek neurketa kontrolpean izan zuen. Jokalariak eroso zeuden baloiarekin eta baloirik gabe jokatzen. Baina jokaldi bakan baten ondorioz, falta batean gola sartu zuen aurkariak.

Nahaste eta urduritasun momentua izan zen, baina pare bat minutu besterik ez zituen behar izan etxeko taldeak berriro kontrola lortzeko. Aldaketak egin eta jokalari berriei esker firme mantendu zen taldea bukaera arte. "Aulkitik atera ziren jokalariek ere maila ederra eman zuten," aipatu du prestatzaileak.

Eta Ostadarreko jokalarien ahaleginen fruitu, azken minutuan lasaitasunaren gola egin zuten.

Jon Iruretaren hitzetan garaipen garrantzitsua izan zen Mariñoren aurkakoa: "hiru puntuez gain, lanean, sentsazioak dena ondo doa eta pozarren gaude. Iritsi nintzenetik jokatu duten neurketarik hoberenetarikoa izan da maila guztietan".

Dinamika bera

Taldearen denboraldi hasierarekin ere pozik dago Ostadar SKTko entrenatzailea. Denboraldiaurrea hasi baino lehen kezkak izan zituen arren, talde urdin-beltzak aurreko denboraldiko dinamika berarekin jarraitzeak lasaitu duela adierazi du Iruretak: "Lehengo urtean igoera lortzeaz gertu izan ginen. Denboraldia hastean kezka nuen; taldea nola egongo zen eta zein gogo izango zituen. Baina lehengo urteko dinamika ari gara jarraitzen, berdin lehiatzen ari gara. Maiatza-ekaina aldera, Aloña Mendiren aurkako neurketako talde berdina topatu dut. Gogo eta ilusio berarekin ari dira lanean". 

Gorengo mailako entrenatzaileak urte bat darama lanean taldearekin eta hori garrantzitsua dela nabarmendu du: "Oso garrantzitsua da elkar ezagutzea. Lehengo urtean idea eta lan egiteko modu bat finkatu genuen eta aurten ere horrekin jarraitzen dugu. Talde gaztea da, motibazio handikoa, ilusio handikoa, futbola gustuko dute borrokatzea gogoko dute eta sufritzea. Zentzu horretan taldea zoragarria da". 

2023-2024 denboraldian Arrasateko taldearen atzetik gol gutxien jaso zituen taldea izan zen Ostadar; 24 gol egin zizkieten 30 partidatan eta aurten lau neurketetan gol bakarra jaso dute: "Baloi gabe oso ondo egon ginen lehengo urtean eta aurten ere. Gure buruan lehengo urteko dinamika hori jarraitzea egon behar du".

Baina jokalariek baloia jasotzean zer egin landu behar dutela argi du Iruretak: "Taldea aberastu behar dugu. Maila altuago bat lortu behar dugu gol gehiago sartu ahal izateko eta arrisku gehiago sortu edo aurkariaren atera errazago iristeko".

Pausoz pauso

Iazko lan onari esker, igoera lortzeko gutxi falta izan zuen Gorengo taldeak 2024ko ekainean, baina aurtengo denboraldian zehar faseka ikusten joango direla jakitera eman du prestatzaileak: "Abenduan lehiaketak non jarri gaituen ikusiko da eta Aste santu inguruan bost bat partida geratzen direnean hitz egingo dugu. Igotzeko aukerak baditugu, hor jarriko dugu helburua. Badakigu maila zaila dela, edonork irabazi ahal diola edonori. Indarrak oso parekatuak daude". 

Hala ere, fase erregularrean lehen postuen borrokan egon nahi du Gorengo mailako taldek eta horretarako neurketa guztiak lehiatzea dute buruan: "Badakigu talde polita dugula, urte polita egiteko. Goiko postuetan egoteko taldea soberan dugula uste dugu. Beraz, neurketa guztiak lehiatzea da xedea. Ongi lehiatuta noski, exijentzia maila batekin, gauzak ongi egiten. Orain gure helburua ez da igoera eta argi utzi dugu aldagelan. Gainera ez dut uste helburu hori jartzea ona denik inorentzako".

Gainera, jarraitzaile eta zaletuei ere esker ona agertzeko euren onena ematea du helburu taldeak: "Herriak ematen digun babesaren mailara egon nahi dugu. Herria gure atzean dugu; babesten gaitu eta neurketa guztietan gertu egon da etxean zein kanpoan. Eta oraingoz ongi ari garela esan daiteke".