Jon Presa Herranz, bigarren Hiru Hondartzetako krosean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 15a, 13:30

Jon Presa Herrnaz (gorriz), Hiru Hondartzetako kroseko podiumean. Arg.: Hiru Hondartzetako krosa

Lasarte-Oria Bai! krosa iritsi bitartean, herriko korrikalariak beste proba batzuetan ari dira lehian. Hiru hondartzetako krosean, esate baterako, 75 herritarrek parte hartu zuten Ondarreta, Kontxa eta Zurriola hondartzen ertzean egiten den lasterketan

Hilaren 13an, giro ederrean 3.474 parte hartzaileek 10 kilometroko ibilbidea egin zuten eta Jon Presa Herranz herritarra podiumera igo zen; bigarren iritsi zen helmugara. 

Unai Iribar Gallardo arrasatearrak eta Beñat Bengoetxea de la Iglesia hondarribiarra jarri ziren lasterketa buruan hasieratik. Iribarrek Bengoetxea atzean utzi eta bakarka iritsi zen helmugara (31.19). Presak hirugarren postuan zetorrela Bengoetxea gainditu zuen eta 31.45 denborarekin zilarrezko postua eskuratu zuen.

Emakumezko gehiago

Aurten, gainera, emakumezkoen parte hartzea gizonezkoena baino handiagoa izan da Donostiako lasterketan. 1.742 emakume izan ziren Donostiako proba amaitu zutenak; gizonezkoak, aldiz, 1.712. Proba osoan lehen postuan mantendu ostean, Maria Lasa Galarraga irurarra (35.19) izan zen garaile emakumezkoen mailan. Herritarren artean, Maite Salazar Badiola izan zen azkarrena, 43.56.

Egun horretan bertan Donostiako Martutene auzoan El Pilar jaietako krosean ere izan zen herritarrik lehian. Horien artean, Mikel Ubegun Lizasok zeharkatu zuen lehena helmuga hamargarren postuan eta Lasarte-Oria Talde Mendi Elkarteko (LOTME) Mertxe Casas Sanchez kidea emakumeen sailkapenean bosgarren izan zen, 34.26 eginda. 

Podiumetik podiumera

Bestalde, Mari Carmen Olaso  Espeso herritarra Gaztela eta Leon aldean izan da lehian iraila eta urriko asteburuetan. Palentzian, Valladoliden eta Burgosen distantzia ezberdinetako probetan parte hartu eta 55 urte baino gehiagoko mailako podiumera igo da herritarra.

Irailaren 29an, Valladolideko Maratoi erdian 01.42.54 denbora eginez, garaile izan zen eta bi aste geroago, Burgoseko 10 kilometoko proban ere gorenera igo zen (48.12).

Irailaren 22an, aldiz, Becerrilen (Palentzia) jokatutako Mariano Haroren 10.000ak proban hirugarren sailkatu zen, 51.32.

Mari Carmen Olaso, Valladolideko podiumean. Arg.: M. C. Olaso.