Euskal Jaia ospatuko dute igande honetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 15a, 10:46

Kultura saileko ordezkari Juantxi Ugarte eta Ainara Elicechea, Okerra harria erdian dutela.

Lasarte-Oriako Kultura sailak eman du igande honetarako, hilaren 20rako, antolatu duen Euskal Jaiaren berri. Ainara Elicechea zinegotziak eta Juantxi Ugarte teknikariak iragarri dute egitaraua. Departamentu horrek antolatzen duen lehen aldia izango da aurtengoa; izan ere, orain arte Euskara sailaren esku (Ttakun Kultur Elkartearekin elkarlanean) egon da.

Okendo plazan izango dira antolatutako ekimenak, eta herritarrak horietara joan daitezen gonbidatu dituzte udal ordezkariek. Horrez gain, baserritar janztera ere deitu dituzte. 

Honako hau da egitaraua: 

  • 10:00etan, diana herriko txistularien eskutik.
  • 16:30ean, herri kirolak Bihurri taldearekin.
    • Lau aizkolarik, bi harri jasotzailek parte hartuko dute, eta iparraldeko jokoen erakustaldia ere izango da. Guzti horren berri esatari batek emango du, zuzenean. Harrijasotzaileak Oker harria jasotzen saiatuko direla ere aurreratu dute. 
  • 18:30ean, erromeria Jaian Jai taldearen eskutik.

Afixa iragarlea

Euskal Jaia iragarri eta egitaraua ezagutarazteko antolatzaileek prestatu duten afixak irudi historiko bat erakusten du. 1934. urtean herrian aurrera eramandako Euskal Jai baten argazki bat da, Kutxa fototekaren bitartez eskuratu dutela jakinarazi du Ugartek. Bertan ikus daitezke garai hartako herritarrak, baserritar jantzita, Hipodromo inguruan.