Euskadi Literatura sarietako bat jasoko du Harkaitz Canok

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 14a, 15:50

Harkaitz Cano (eskuinetik hasita bigarrena), 'Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez' liburua eskuetan duela. Argazkia: Irekia.

Laugarren aitortza izango da aurtengoa idazle lasarteoriatarrarentzat. Euskarazko Haur eta Gazte Literatura modalitatean irabazi du, 'Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez' (Erein) lanarekin.

Kategoria horretako epaimahaiak balioan jarri du Canoren lana: "Liburutegiei omenaldia egiten die eta literaturaz harago, heriotza, maitasuna, senitartekoen harremanak eta beste horrenbeste gai unibertsal jorratzen ditu, protagonistaren bizitzatik abiatuta". Edizioari dagokionean, epaimahaikideek azpimarratu dute "paregabea" dela "kontakizunaren irakurketarako eta ilustrazioen kontenplaziorako". Isabel Herguera zinemagile donostiarrak ilustratu du liburua. 

Euskarazko Literatura eta Literatur Lanaren Ilustrazioa ataletako sariak ere iragarri dituzte Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Jon Gerediagaren Zeru-lurren liburua eta David de las Herasen Campos de Castilla lanek irabazi dituzte, hurrenez hurren.

Euskadi Literatura sariak azaroaren 21ean jasoko dituzte irabazleek, Gasteizko Artium museoan egingo duten ekitaldian.