Andaluziako kulturaren erakusleiho bilakatu da hiru egunez Okendo plaza

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 13a, 20:23

Semblante Andaluz elkarteak 21. Aste Kulturala amaitu du igande iluntzean. Hiru egunez, ohi bezala, Andaluziar kulturaren erakusgarri onenak ekarri dizkiete lasarteoriatarrei Okendo plazara. Nahi izan dutenek aukera izan dute hartan murgiltzeko eta guneak izan duen itxura ikusi besterik ez dago, erakarritakoak asko izan direla baieztatzeko.

Laburbilduta, asteburua dantzaz dantza ibili direla esan liteke; baina horrek kanpoan utziko lituzke Semblante Andaluzen Aste Kulturalaren beste osagai batzuk. Flamenkoa, sevillanak, runbak, kanta eta dantza ezinbestekoak dira, beti presente daude eta denok espero dute. Baina baita edatekoa eta jateko goxoa ere, hitzaldiak, jolasak eta hizketarako leku atsegina. Hori dena izan da ere ostiraletik igandera Okendon zabalik egon den karpan. 

Asko izan dira egunetako tarteren bat (edo batzuk) bertan pasatu dutenak. Musikak arreta piztuta bertaratu eta dantzara animatu direnak, edo hala zebiltzanei begira gelditutakoak. Pintxo potea, Duende taldearen dantza emanaldia eta ohorezko ardoa izan ziren lehen txanpan, eta dantza herrikoiarekin heldu ziren Overloud taldearen kontzertura. Gau luzearen ondoren, gogo berarekin heldu zioten larunbatari. Besteak beste, Rosa Rubio idazleak Un cuento de hadas para la menopausia liburua aurkeztu zuen eta Amaya Gonzalez Caballerok runba flamenko eskola eman zuen. Gaueko eskaintza, berriz, Dame Venento taldearen zuzenekoa izan zen. 

Jolasak eta dantzak

Igandea jolasekin hasi dute. Txikienei margotzeko gune bat atondu diete, irudiz beteriko papera eta margoak utzita. Bien bitartean, eguerdian hasi duten pote, toka eta igel txapelketarako beroketa egiten ari ziren batzuk karpa eta udaletxearen arteko gunean. Buruhandien bisita izan dute eta inguru guztian zeuden haurrak urduritu dituzte. Batzuek, negar, beste batzuek, barre; baina gehienek korrika egin dute pertsonaiekin jolasean, maskurien kolpeak jaso badituzte ere. Giroa pixka bat lasaitu denean Duende taldearen emanaldia iritsi da. Beroketa moduan edo, eszenario aurrean, lagunekin dantza pixka bat egin du laukoteak, ondoren, bai, oholtza gainetik beraien trebezia erakutsi dute, beste behin. 

Gunea hustu eta herri bazkarirako dena prestatzen joan dira. Goizean zehar txoko batean prestatutako paella dastatu dute 90 bat lagunek. Pixka bat kosta zaie banaketa nola egin erabakitzea, baina hori argituta, azkar batean banatu dituzte anoak. Ilaran jarrita, bakoitzak zegokiona jaso du, aurrez txartelak emanda. Bazkal ondorengo lehen hitzordua, Fit Gipsy Dance eskola izan da. Irakasleak argitu du dantza terapeutikoa dela, flamenkoa eta errehabilitazio mugimenduekin osatua, "gorputz, adimen eta arimarentzat onuragarria". Animatu den taldetxoarentzat hala izan den, ezin esan; bai, ordea, ondo pasatzen ari zirela zirudiela.

Eta hori nahikoa ez balitza, gorputza mugitzen jarraitzeko beste aukera bat izan dute ondoren dantzaldi herrikoian