Ordu luzez zizelkatutako zurezko lanak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 11a, 19:18

Zurmailu Zurlanketa Elkarteko kideek eta udal ikastaroetako kideek egindako lanak ikusgai daude Antonio Mercero aretoan. Ostiral arratsaldean egin dute irekiera ekitaldia eta hilaren 20a arte izango dute herritarrek 50 piezatik gora dituen bilduma ikusteko aukera. 

Tamaina eta forma askotarikoa dute: handiak, txikiak, erabilgarriak, apaingarriak... baina ikusgarriak dira denak. Ezjakina denak ere badaki egur zati batetik halako irudia ateratzeko egin beharreko lana ez dela makala, ezta trebezia ere. Hilabetetan luzatu den zereginaren emaitzak dira, baten bat oraindik amaitu gabea.

Armarriak, paisaiak, kutxak, estatuak, ia inoiz hutsik egiten ez duen Guernica-ren bat... Bakoitzak nahi duena egiten du eta irakasleak laguntzen dien bururatutako hori egikaritzen. Elkarteko 22 kideen obrez gain, udal ikastaroetan parte hartu dutenenak ere ikusgai daude, aretoa betetzen dutenen artean. Bakoitzaren pare bat ekarri dituzte, zenbaiten gehixeago badaude ere. Manuel Gonzalezek, adibidez, bost bastoi eta izena duten hiru apaingarri eta kutxa bat ekarri ditu. Lehenetako bakoitza egiten hilabete inguru behar izan duela dio, besteak, berriz, astebeteren bueltan. 

Erakusketa ikusteko lehenetakoak izan dira Agustin Valdivia alkatea, Ainara Elicechea eta Goizalde Pildain zinegotziak. Haiekin batera, egileak eta haien senideetako batzuk ere bertaratu dira. Elkarrekin bilduma ikusi eta askaria egin dute. Interesa duten herritarrek hilaren 20 arte izango dute ikusteko aukera. Astegunetan, 11:00etatik 13:00etara eta asteburuetan, berriz, 18:00etatik 20:30era.