Erraldoi eta buruhandien topaketa antolatu du LOZETek hilaren 19rako

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 11a, 21:17

Lasarte-Oriako zezensuzko eta erraldoi taldeak (LOZET) erraldoien eta buruhandien topaketa antolatu du datorren larunbaterako, hilak 19. Bost talde gonbidatu dituzte elkarrekin eta lasarteoriatarrekin batera egun erraldoia pasatzera.

"Denbora daramate erraldoien topaketa antolatu nahian. Ilusio handia egiten digu Lasarte-Orian lehenegoz egitea, ez da aurrez inoiz egin. Nafar leinukoak garenok txikitatik dugu zaletasuna eta niri neuri oso pozgarria zait". Hala adierazi du Agustin Valdivia alkateak ostiral arratsaldean egindako prentsaurrekoan. LOZETek Blas de Lezo kalean duen lokalaren atarian aurrera eraman dute jaien protagonista nagusiek lagunduta: Peio eta Ane, Ane eta Peio, erraldoi bikotea, eta herriarekin lotura duten buruhandietako bi, pilotua eta jockeya.

Taldearen izenean, Saioa Orotegik eta Elena Gomezek hitz egin dute eta jaiaren nondik norakoak azaldu. Bost konpartsa gonbidatu dituzte: Andoaingo Lebiton, Villabonako Besamotza, Antiguako Loretope, Falces eta Caparroso. Topaketa iaz gauzatu nahi izan zuten,  baina baliabide faltagatik ezin izan zuten. Aurten lortu badute, herriko saltoki, txoko gastronomiko, boluntario eta udalari esker izan denez, eskerrak eman dizkiete, "beraien laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke".

Ikusgarria izatea, helburu

Eguna Caddie plazan hasiko dute, 10:30ak aldera, Semblante Andaluzen txoko gastronomikoarekin bat eginez;  "hamaiketako bat jarriko digute indarrak atzeko", zehaztu du Orotegik. Ondoren, 11:00ak aldera, kale jirari ekingo diote. Herrian barrena ibiliko dira taldeak eta 14:00ak aldera Okendo plazan amaituko dute. Bertan, konpartsen aurkezpena, pare bat dantza elkarrekin, eta talde argazki bat egingo dute.

Indarberritzeko, Loidibarren frontoian bazkaria egingo dute. Parte hartzaileez gain, nahi duenek ere aukera izango dute ortordua egiteko. Paella, entremes, postrea, ogia eta edaria, horrez gain, barrikotea ere izango dute.Txartelak salgai daude Artizar tabernan 15 euroan. Egun "polit" hori amaitzeko, zezensuzkoak hartuko du Kale Nagusia.

"Eguraldia lagun badugu, topaketa ikusgarria izango da", aurreratu du azkena ez izatea espero duen Gomezek; eta herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera.

Handitzea, nahi

Jai zinegotzi Txus Alonsok gogoratu du udalak urteak daramatzala LOZETekin elkarlanean eta aurten 5.795 euroko diru-laguntza eman diela. Zehaztu du, topaketaz gain, San Pedro Jaietan parte hartze nabarmena duela eta antzezpen historikoetan ere aritzen dela, Donostiako abuztuaren 31koa edota Oihan Vegak iaz egindako Bretxa musikalean, kasu. 

120 bat irudi etortzea espero dute baita datorren urterako handitzea ere. "Hasi besterik ez da egin, hemendik urte batzuetara, Iruñeakoa edo Tuterakoa baino handiagoa izango da", aurreikusi du alkateak.