Ikasturte hasiera eta elkartasun jaialdia iragarri ditu Ernaik

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 11a, 12:41

Hilaren 18an aurrera eramango du herriko Ernaik ikasturte honetako aurkezpen agerraldia, Xirimiri elkartean

Lasarte-Oriako Ernaik ikasturte honetako aurkezpen ekitaldia aurrera eramango duela iragarri du. Datorren astean izango da hori, hilaren 18an, 19:00etan Xirimiri elkartean. Herritarrak bertara daitezen dei egin du gazte antolakundeak. 

Horren berri emateaz gain, hurrengo egunean, hilaren 19an, Buruntzaldeko Ernaik Andoainen antolatu duen elkartasun jaialdiaren gainean ere informazioa zabaldu du. 2023ko irailaren 22an Aitor eta Galder gazteen espetxeratzeak salatzeko bi ekimen burutu zituen aipatu erakundeak, Bilbon eta Gasteizen, eta horietan, 133 kide identifikatu zituzten. Orain, zortzi hilabete geroago, identifikatutako kide guztiei isunak jarri dizkiete, Mozal legea aplikatuta. Guztira 290.500 euroko zigorra batzen dute multa horiek guztiek, eta horiek ordaintzen laguntzeko antolatu dute jaialdia.

Egun osoko honeko egitaraua iragarri dute: 

  • 11:00etan, Euskal Herria independentziara, zergatik eta zertarako? hitzaldia eskainiko dute June Iartzak eta Aritz Lopezek Gaztetxean.
  • 14:30ean, bazkaria, Beheko plazan. Eguraldi txarra egingo balu merkatura lekualdatuko lukete ekintza hori. Ostean, bazkaloste musikatua izango da Anuk eta Elene musikariekin.
  • 18:30ean, Goiko plazatik manifestazioa, Bat eginez independentziara lelopean. Ondoren, trikipoteoa.
  • 22:00etan, Ameba, Pertz eta Rebel Noise musika taldeek kontzertuak eskaniko dituzte Gaztetxean. Horiek amaitzean, DJ Fulanak emanaldia eskainiko du. 

Bazkarira edota kontzertuetara joan nahi dutenek tiketak erosi beharko dituztela ohartarazi dute antolatzaileek (bazkaria gehi emanaldirako sarrerek 15 euro balio dute, eta soilik kontzertuetara joatekoek 10 euro) Horiek, Lasarte-Orian, Ilargi tabernan eros daitezke. 

Herriko Ernaiko kideek herritarrak Andoainera joan daitezen dei egin dute: "Ongietorriak izango zarete denak".