Emakume Sortzaileen II. Jardunaldia deitu du Ihitten elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 11a, 12:31

Iragan ekainean aurrera eraman zuen Ihitten elkarteak Emakume Sortzaileen lehen jardunaldia, eta, bigarrena iragarri dute orain; hiru emakume sortzaile gonbidatu dituztela jakinarazi dute. Antonio Mercero aretoan izango da, hilaren 23an, 18:30ean

Emakume Sortzaileen II. Jardunaldia aurrera eramango du Lasarte-Oriako Ihitten elkarteak. Sorkuntza memoriatik izenburupean iragarri dute aurtengoa, eta datorren astean izango da, Mercero aretoan, 18:30ean. Aurreratu dutenez, hiru emakume gonbidatu dituzte, Nagore Legarreta argazkilaria, eta Fanny Alonso eta Maialen Porroy Intxausti diseinatzaileak, eta bi lanen berri emango diete bertaratzen direnei, Legarretak Ibaia ez da toki bat aurkeztu du, eta Alonsok eta Porroyk, berriz, Kotoi ezagutaraziko dute.

Aipatu bi lan horiek dokumentalak dira, eta horietan memoria da lan artistikoaren ardatza. Horiek, gainera, agerian utziko dute, besteak beste, garai bateko espazioak, jendearen oroitzapenak eta bizipenak sorkuntzarako lehengai ere badirela.

Ikus-entzunezkoen ostean

Ibaia ez da toki bat ikus-entzunezkoak gaztelerazko azpidatziak izango ditu, eta Kotoik, aldiz, euskarazkoak. Horik proiketatu eta ikus eta gero, solasaldia egingo dutela iragarri du elkarteak. Hizlariek aipatu proiektuak osatzeko izandako esperientzia partekatuko dute entzuleekin, hala nola, ideiaren hastapenak, bilakaera, hura gauzatzeko bizitako zailtasunak eta pozak eta beste zenbait kontu izango dituzte ahotan. Hori guztia, noski, emakume izatearen begiradatik. Sorkutza bizi proiektutzat hartzeaz ere arituko dira, eta guztiona den memoria berreskuratzeaz, lehenesteaz eta balioan jartzeaz ere hitz egingo dute. 

Elkarte antolatzaileak iragan ekainean antolatu zuen lehen jardunaldia. Orduko hartan ere emakumeak izan ziren gonbidatuak, bost zehazki, hain zuzen ere, hori baita Ihittenen helburua, "emakumeen beharrak eta gabeziak ezagutzea", baita emakume izateak sorkuntza prozesua zeharkatzen duela bistaratzea. Jardunaldien bitartez, gainera, herriko kultur bizitzari euren ekarpena egin nahi diote elkarteko kideek.