Herriko korrikalariak, probaz proba lasterketa handien zain

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 10a, 15:45

Mari Carmen Olaso, bigarrena eskuinetik, podiumean. Arg.: M. C. Olaso.

Lasterketa herrikoien garaia iritsi da. Hilabete bukaerako Lasarte-Oria Bai! herri krosa edota azaroko Behobia Donostia prestatzen ari dira herriko korrikalariak. Horiek iritsi bitartean hainbat probatan izan dira lehian herriko ordezkariak

Inmobiliaria Urme Txingudi Korrika 10 K proban, esate baterako, Mari Carmen Olaso herritarra izan zen podiumean. Hilaren 6an jokatu zen Hendaia eta Hondarribia batzen dituen proba. 10 kilometrotako Gipuzkoako txapelketa ere jokoan zegoen eta Olaso lehiaketa horretako hirugarren postuan sailkatu zen; helmugan 49.36 marka egin zuen.  

Egun berean, 30 bat herritarren talde bat ere izan zen Donostiako Rural Kutxa Maratoi erdian. 3.000 lasterkari izan ziren eta horietako askok, Lasarte-Oria Trail Mendi elkarteko (LOTME) kideen laguntza izan zuten euren marka ontzeko; erbi lanak egin zituzten taldeko lasterkari batzuk.

Herritarren artean, Jon Huizi Sagastibeltza (01.25.13) eta Paqui Lopez Piris (01.52.04) izan ziren azkarrenak.

Done Jakue eta euskara

Nafarroan lehiatutako bi probetan ere izan zen Lasarte-Oriako parte hartzailerik. Batetik Orreaga eta Zubiri Done Jakue bidetik batzen dituen maratoi erdia (21,150 km.) amaitu zuten Fran Toquero (02.00.46) eta Sergio Riverak (02.24.33).

Bestetik Nafarroa hegoaldean euskara sustatzen duen Agerraldia ekimenak antolatutako Santxikorrota herri lasterketan korrika ibili ziren herritarrak. Bardeetatik barrena Arguedaseraino bi ibilbide egin zituzten motza (7,28 km.) eta luzea (21,8 km.).  Antolakuntza lanetan ere lagundu zuen beste talde batek.

Probaz proba

Irailean zehar ere pistan edo mendian beste proba batzuetan izan dira lasterka herritarrak. 

Irailaren 29an, esate baterako, Josetxo Imaz Memorialean, Lazkaon. Bost herritar izan ziren lehian eta 36.41 markarekin Julen Ormazabal izan zen lehena helmuga igarotzen.

Hil horretako 8an, 25,4 kilometrotako Axari Trailean, Idiazabalen LOTMEko kide Xabier Aizpurua (02.41.22) 27. postuan izan zen eta egun bat lehena, Aretxabaletako Ikazkin Traileko proba luzean (21 km.), Xabier Mujika herritarrak (02.09.05) egin zuen.