Trinkoko kide Haitz Mitxelena Matikorenak Iratiko triatloia lehiatu zuen irailaren 28an, Iratiko Etxeetan, Larrainen (Zuberoa). Uztailean Alpe D'Huez-eko distantzia luzeko triatloia (08.06.59) egin ostean, oraingoan garaipena eskuratu zuen ibilbide motzeko proban.
Hiru eremuri egin behar izan zioten parte hartzaileek: 750 metroko igeriketa saioa, 21 kilometro eta 600 metroko desnibel positiboko txirrindu ibilbidea eta 5 kilometro eta 200 metroko desnibel positiboa duen lasterketa. Guztira 01.16.12 behar izan zituen herritarrak helmugara iritsi eta garaipena erdiesteko.
Podium gehiago
23 urtez azpiko mailan lehiatzen diren Aimar Sukunza Gomez eta Ibai Izagirre Agote ere podiumera igo ziren Zumaia eta Getxon; biak Andoaingo Zumeatarra taldeko kideak dira.
Hilaren 21ean, Zumaiako Sprint Triatloia lehiatu zen. Parte hartzaileek 750 metro igerian, 20 kilometroko bidea txirringan eta 5 kilometro korrika egin behar izan zituzten helmugara iritsi baino lehen. Euskadiko zein Gipuzkoko txapelketak ziren jokoan eta 56.23 markarekin Sukunzak bere mailako bigarren postua eskuratu zuen Gipuzkoako txapelketan eta hirugarrena Euskadikoan; sailkapen orokorrean, aldiz, hamabosgarren izan zen.
Hilaren 15ean, Getxoko Triatloi Olinpikoan (Bizkaia) Izagirrek hirugarren postua eskuratu zuen maila berean. Igerian 1,5 kilometro, bizikletan 40 kilometro eta 10 kilometro korriak egin ostean, 02.22.21 egin zituen gazteak helmugan.
Bestalde, hilaren 28an, Izagirrek Zarauzko Bikotekako triatloian parte hartu zuen. Nora Landaberea izan zuen bikote eta Lasartarrak izenpean egin zuten proba. Itsasoaren egoeragatik ezin izan zuten igeriketako zatia egin eta korrika zein bizikleta eremuetara murriztu zen proba. Lasartearrak bikoak 27.09 egin zuen helmugan.