Adineko pertsonei konpainia egiten dien haria

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urriaren 10a

Nagusilanek gure herrian duen taldea, udal ordezkariekin. Argazkia: Martin Muñoz.

Nagusilan elkarteak ematen duen zerbitzuetako bat da Zilarrezko Haria. Bakarrik dauden pertsonei zuzenduta dago eta ekimen horretan aritzen direnek konpainia egiten diete adinekoei, telefonoaren beste aldetik. Astelehenetik ostegunera arteko ordutegia 10:30etik 13:00etara eta 15:30etik 17:00etara artekoa da, eta, ostiraletakoa, 10:30etik 13:00etara artekoa. Hots egin beharreko zenbakia 900-71 37 71 da. Nagusilaneko kideek jakinarazi dute deitzen dutenei momentuan telefonoa hartzen ez badute, izen-abizenak eta euren zenbakia utzi behar dituztela erabiltzaileek erantzungailuan.

Hilaren 3an dei maratoi bat egin zuten Donostiako Miramar jauregian: hamabi orduz aritu ziren adineko pertsonekin telefonoz hitz egiten, etenik gabe. Bitartean, mota askotako ekimenak aurrera eraman zituzten. Bertan izan zen Nagusilanen Lasarte-Oriako taldea eta baita zenbait udal ordezkari ere: Agustin Valdivia alkatea eta Gizarte Zerbitzuetako buru Nuria Fernandez.