Intzako kideek, ezin Ezker Horman garaipenik lortu

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 10a, 11:30

Gipuzkoako Ezker Hormako txapelketako norgehiagoketan Intzako pilotariek ez zuten zorterik izan. Bai eskuz binakakoan baita gomazko pilotako lehian ere aurkaria gailendu zen.

Gomazko pilotako jardunaldiko hitzordua Loidibarren pilotalekuan jokatu arren, Nagusien 3. mailako bikoak ezin izan zuen Loidibarren pilotalekuan garaipena erdietsi. Jagoba Mendizabal eta Julen Urruzolak Altzatarra 1 bikotea izan zuen aurrez aurre. Nahiz eta ederki borrokatu 21-25 amaitu zen lehia.

Hasieratik aurkaria aurreratu zen neurketan.  "Kolpe gehiago zuen" pilotarekin etxeko bikoteari min egin zion atzean jokatuta.

Atsedenetan eta tantoa egitean pilota aldaketarekin aldea txikitzen saiatu zen Intzako bikoa. Horretarako frontisetik gutxi ateratzen zen pilota aukeratu zuten Mendizabal eta Urruzolak eta aurrean jokatzeko aukera gehiago izan zuten. Horietako pilota batekin azken tantoetan ederki gerturatu zen bikoa, baina aurkariak jokoa moztu eta garaipena lortu zuen.

Eta Zumarragan Belokiko bikotea 22-11 nagusitu zen binakako txapelketako partidan.