Eguzki Bodegas Ayesa taldeak garaipenarekin hasi du liga

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 9a, 13:00

Eguzki Areto Futbol taldea Gazteen mailako taldeak denboraldi berriari gogotsu ekin dio. 2023-2024 denboraldian Gipuzkoako txapeldun izan ostean, Francisco Javier Kixki Perezek zuzentzen duen taldeak aurten ere liga borrokatzeko prest dagoela erakutsi nahi du liga erregularrean

Jokalarietan gorabeherak izan dituzte, baina aurten taldearen oinarria mantendu duela azaldu digu entrenatzaileak: "Gure maila urteetan jaiotako gazteekin osatu zen da taldea eta iaz bigarren urtekoekin irabazi genuen liga. Beraz, aurtengoa euren azken urtea izango da. Bestalde, jokalari batzuk senior taldeetara igo eta kadete taldea ere dugu atzetik, infantil mailan garaile izandakoak".

Hori horrela izanik, Kixkik ligako lehen postuetan egoteko aukera dutela uste du: "Taldearen egoerarengatik, liga borrokatzeko aukera dugu. Baina areto futbola nahiko kaotikoa da eta nahiz eta berez taldea hoberena izan, ez duzu garaipena lortzen". Horregatik fase erregularrean zehar pausoz pauso joango dira, hori bai, norgehiagoka guztiak "lehiatuko ditugu". 

Era berean, gazteen taldearen benetako helburua harrobia lantzea dela nabarmendu du: "Jokalariak prestatzeko maila da gurea eta horretarako egiten dugu lan. Etorkizuneko jokalariak sortzeko".

Hasiera bikaina

Eta horrela hasi du liga Eguzki Bodegas Ayesak gazteen mailako taldeak; hilaren 5ean Irun Futsal taldearen aurka jokatu zuen Maialen Chourraut kiroldegian. Ikus galeria.

Kixkik azaldu modura, izaera ezberdinetako bi talderen aurkako partida izan zen: "Gure taldea osatua eta esperientziaduna da maila honetan. Irungoa berriz aurten sortutako kluba da eta aurtengoa ikasketa urtea izango da haientzat".

Egoera horrelakoa izanik, talde hori beltza nagusi izan zen neurketan eta 16-2 gailendu zen.

Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak ere puntua eskuratu zuen Martuteneren aurka.

Ligako lehen partidara baja askorekin aurkeztu ziren lasarteoriatarrak. Bi taldeak urduri atera ziren kantxara eta Eguzkik hartu zuen partidaren kontrola. Tamalez, ez zen aurkariaren atea zulatzeko gai izan eta aurkariak egin zuen gola. Markagailuan atzetik joan arren, ez zuen amote eman eta atsedenaldira banako berdinketarekin iritsi ziren. 

Bigarren zatiko lehen minutuetan aukerak sortu zituen Eguzkik. Baina neurketa nahastu zen, bi jokaldi jarraian jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuen eta horrek fisikoki eragin zuen taldean. Gainera, lau hiruren aurkako horietako batean aurreratu zen berriro Martutene. Zorionez jokaldi bakan bat lotu eta Lasarte-Oriako taldeak bina berdindu zuen neurketa. Garaipenaren bila atezain jokalaria atera zuen Eguzkik, baina ezin izan zuen markagailua aldatu.

Taldearen egoera eta neurketa aztertuta ontzat ematen dute Eguzkiko arduradunek berdinketa.