Gipuzkoa Sortzenen debutean, ezin aukariak gainditu

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 9a, 11:30

Errugbiko denboraldia hasi da eta Beltzak RT, Zarautz RT eta Bera Bera RTk osatutako Gipuzkoa proiektuko taldeak zelaira atera dira. Euskal Ligako lehen jardunaldian. Debutean ez zuten zorterik izan ekimen berriko ordezkariek

Michelin kirol gunean eman zion hasiera ligari II. mailako taldeak. Lasarte-Oriako zaletuek, beraz, taldearen lehen neurketaz gozatu ahal izan zuten; La Unicako taldea izan zuten aurrez aurre. 

Nafarrek hasieratik erakutsi zuten euren nagusitasuna. Jokoa kontrolpean izan zuen Iruñeko taldeak; Mele eta touchetan koordinazio handia erakutsi zuen eta fase estatikoetan ere gailendu zen. Ondorioz, 0-29 iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian nafarrek berdin jarraitu zuten jokoan. Gipuzkoa Sortzenek, aldiz, jokaldiak lotzea lortu eta Iruñeako taldearen entsegu marrara gerturatzen joan ziren. Ahaleginak ahalegin, 78 minutuan, esfortzu guztiek fruitu izan zuten eta entsegua egin zuten etxeko jokalariek, baita gauzatzea ere. 

7-57 galdu zuten arren, Gipuzkoa Sortzeneko jokalariak ederki borrokatu ziren euren lehen hitzorduan. Taldearen makineria fintzeko dagoela ikusi zen, baina pausoz pauso joango dira. Hilaren 13an, hitzordu berria izango dute Michelin kirol gunean; Envases RC Rioja jasoko du etxeko taldeak.

Garaipen bakarra

I. mailako taldeak, aldiz, neurketa borrokatua jokatu zuen Donostian. Kote Olaizola zelaian Universidad de Bilbao izan zen aurkaria, 2023-2024ko ligako txapelduna. Nahiz eta etxekoak markagailuan aurreratu (13-0), bizkaitarrek aldea murriztu eta azken minutuan garaipena emango zien entsegua lortu zuten, 16-19.

Bestalde, 18 eta 16 urtez azpiko Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldeak Errioxara egin zuten bidaia. Logroñoko Pradoviejo zelaian txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten Envases RC Riojako taldeen aurka. Zaharrenak 5-43 gailendu zen; gazteenek, aldiz, 87- 10 galdu zuten.