Urrezkoa izan da azken ospakizuna

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 8a, 17:16

Biyak Bat zaharren egoitzako kideak Adinekoen Omenaldi Astea aurrera eramaten ari dira egunotan. Gaur eman diote amaiera zazpi egineko eta jardueraz betetako egitarauari, eta, protagonista nagusiak izan dira urrezko ezteiak bete dituzten bikoteak. Goizetik iluntzera arteko ospakizunaz gozatu dute denek ala denek 

Kalejiran ekin diote Lasarte-Oriako adinekoek egunari; akordeoi jotzaile eta dantzariak gidatuta, Biyak Bat egoitzatik Brigitarren komentura arteko bidea egin dute; udal ordezkariak ere ondoan izan dituzte: Agustin Valdivia alkatea eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Nuria Fernandez. Jantzi dotoreak soinean agertu dira omenduak, izan ere, aurten urrezko ezteiak betetzen dituzten bikoteak aintzatesteko eguna izan baita. 

Lehen helmugara iritsita, horien guztien omenezko meza aurrera eraman du Felix Garitano kapilauak. Bertan izan dira, baita ere protagonista nagusiak, noski, eta zaharren egoitzako koruko kideak ere bai. Brigitarren komentuko mojek ere zuzenean jarraitu dute hitzordua. 

Elizkizuna amaitu eta atzera, egoitzarainoko bidea egin dute berriro. Han, zuzendaritza batzordeko kideen eta udal ordezkarien eskutik oroigarri sorta jaso du omendutako bikote bakoitzak, eta zenbait une hunkigarri bizi izan dituzte, hala nola, alkateak, zuzendaritzako kide batek eta koruko  abeslari batek idatzi bana eskaini dizkietenean. Ostean, bazkaltzera joan dira Herriko Etxera.

Eta egun berezia behar bezala amaitzeko, dantzaldia egin dute, jatetxean bertan, DJ Nikoren eskutik. Ederki astindu dituzte gorputzak; etenik gabe eta gogoz egin dute dantza.