Lasarte-Oriako Udalaren Sozioekonomia sailarekin, Eusko Jaurlaritzako Turismo arloarekin elkarlanean prestatu du merkatarien elkarteak abiatzear duen Gozatu kanpaina. Horren bitartez, hilaren 14tik 26ra ekimenarekin bate egin duten establezimenduetan erosketak egiten dituzten bezeroek sariak eskuratu ahal izango dituzte.
Erosketa egitearekin batera, urdin koloreko txartel bat jasoko dute herritarrek. Horietako batzuk sari zuzena izango dute, eta besteek, berriz, erosketa bonuen zozketan parte hartzeko izango dira. Hala, sari zuzenarena egokitzen zaienek, bi mokadutxo jateko saria jasoko dute; txartelak berak zehaztuko die herriko zein tabernatan kontsumitu beharko duten. Gainera, antolatzaileek zehaztu dutenez, taberna bakoitzak erabakiko du zein pintxo eskainiko dizkion saridunari, eta, noski, tabernan bertan kontsumitu beharko dela ere ohartarazi dute, eta, gaineratu, mokadutxoa, musutruk izango den arren, horrekin batera edatekoa eskatzen dutenek, azken hori ordaindu egin beharko dutela.
Iraungitze data ere izango dute tiket horiek; azaroaren 3a baino lehen erabili beharko dituzte. Hauek dira ekimenarekin bat egingo duten tabernak: Herriko Etxea jatetxea, Arima gastroteka, Viña del mar kafetegia, Buenetxea taberna, Arkupe taberna, La Geselina kafetegia, Hiru Aldeta taberna, Avenida taberna, Patricio taberna eta El punto taberna.
Zozketan parte hartzea
Sari zuzena lortzen ez dutenek, bestelako txarteltxoekin zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Horiek euren datuekin bete beharko dituzte, eta erosketa egin duten komertzioak izango duen kutxatxo batean botako dute; horrela, erosketa bonuen zozketan parte hartuko dute. Guztira 1.200 euro banatuko dituztela iragarri dute merkatarien elkarteko ordezkariek.
Herritarrak ekimenean parte hartzera eta herriko komertzioetan kontsumitzera deitu dituzte.