Kirola eta bazkaria, aitortza astearen ekuatorea zeharkatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 6a, 17:11

Adinekoen Omenaldi Astea aurrera eramaten ari da Biyak Bat eta asteburuan prestatutako zenbait jarduera burutu dituzte: Larunbatean ibilaldi neurtua eta dantzaldia egin zituzten, igandean, berriz, meza eta bazkaria. 

Sasoiko daudela erakutsi dute beste behin X. Ibilaldi Neurtuan parte hartu dutenek. Aurten iaz baino dozena bat gehiago izan ziren, 36, larunbat goizean gauzatutako ekimenean parte hartu zutenak. Biyak Bateko arduradunen eta gizarte gaien zinegotzi Nuria Fernandezen begiradapean eta itxaron zuten abiatzeko unea.

Binaka eta minutu bateko aldearekin irten ziren, gainerakoen txalo artean, herrian barrena zihoan ibilbidea ahalik eta azkarren osatzeko asmoz. Txanda iritsi artean plazan jarritako musikarekin egindako dantza izan zuten batzuek beroketa ariketa. 

Ordubete eta erdi inguru behar izan zuten lehenengoek iristeko. Hamaiketakoa eta ur botila bana eman zizkieten indarberritzeko eta zabalgunean zeuden aulkietan eseri ziren, denak heldu arte itxaroteko. Eguerdirako denak bueltatu ziren eta sari banaketa egin zuten, Agustin Valdivia alkateak lagunduta.

Eguneko beste hitzorduan ere oinak mugitu zituzten, baita gorputza ere, Niko DJak jarritako doinura. Abesti ezagunen erritmora aritu ziren jubilatuen etxeko beheko solairuko areto batean.

Igandean, berriz, ohi bezala, Biyak Bateko koruak girotuta meza entzun dute, eta ondoren, 65 urtetik gorako 350 lagunek elkarrekin bazkaldu dute Michelin Kirol Guneko tenis pistan. Izena eman dutenen artean zaharrenak ohorezko mahaian eseri dira, alkatearekin, gizarte gaietako zinegotziarekin eta Biyak Bateko presidentearekin.

Aurten, Francisca Ruiz Moreno, 94 urtekoa, eta Luis García Segura, 92 urtekoa izan dira. Bapo jan ondoren, bazkalostean, opariak, omenaldiak egingo dituzte eta dantzaldiaz gozatuko dute. 

Asteartean amaituko dute prestatutako ekimen zerrenda. Hauek dira azken bi egunetarako antolatutakoak.

Bihar, astelehena

  • 10:00. Gimnasia erakustaldia, kiroldegian.
  • 17:30. Musika emanaldia, jubilatuen etxean

Etzi, asteartea

  • 10:40. Kale jira, jubilatuen etxetik abiatuta.
  • 11:00. Meza, Ama Brigitarren komentuan.
  • 12:00. Opari banaketa, jubilatuen etxean.
  • 14:30. Bazkaria, Herriko Etxea jatetxean.
  • 16:00. Dantzaldia DJ Nikok jarritako musikarekin, jubilatuen etxean.