3 urte arteko lasarteoriatarren irakurzaletasuna sustatzen jarraitzeko asmoz

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 4a, 14:58

Lasarte-Oriako 0 eta 3 urte arteko haurren irakurzaletasuna sustatzeko asmoz, aurten bigarren aldiz aurrera eramango dute Bookstart Euskadi-Gipuzkoa programa. Iaz abiatu zuten egitasmo hori herrian, eta, horri esker, liburu sorta bat jasoko dute haurrek, doan. Gaur eguerdian egin dute aurtengo deialdiaren aurkezpena

Bookstart Euskadi, Mestiza Elkarteak bultzatzen duen programa da, eta familia zein tutoreei zuzenduta dago; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren, Lasarte-Oriako, Ordiziako eta Vitoria-Gasteizko Udalaren eta Red Estatal de Promoción Lectora Infantil y Juvenil Leer Transforma sarearen laguntzari esker aurrera eramaten dute.

0 eta 3 urte bitarteko haurren irakurzaletasuna bultzatzea da egitasmoaren helburua, hain zuzen ere, eta arduradunek azaldu bezala, adin tarte horretan garatzen baitituzte umeek euren garapen kognitiboak. 

Horren gaineko xehetasunak eman dituzte ekimenaren ordezkariek, eta udalekoek, gaur eguerdian, eta iragarri dute aurtengo paketean haurrek jasoko dituzten liburuak zeintzuk izango diren. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko liburu bana eskuratuko dituzte, honako hauek, hurrenez hurren: Ibaizabal argitaletxearen Lehoitxoa umore txarrez dago, Abuenpaso argitaldariko Hola mi luna, eta Canizales editorialaren Winter beast. Arestian esan bezala, horiek urririk banatuko dituzte. 

Liburu baby kluba

Bookstart Euskadi programa doako irakurketa saioekin batera aurrera eramango dute. Saio horiek udal liburutegian izango dira, eta horien helburu nagusia da haurtzaro goiztiarrean literatura, musika, artea eta ingurumenarekiko interesa bultzatzea, beti ere modu ludiko baten bitartez. 

Saio horiek ere hiru hizkuntzatan burutuko dituztela azaldu dute arduradunek; euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izango dira, eta horietan guztietan irakurketari tarte bat eskaintzeaz gain, errimak eta abestiak ere landuko dituzte. 

Hilaren 5ean, larunbatarekin, izango da lehena, eta herriko familien partehartze zabala espero dute antolatzaileek, Udaleko Gizarte Zerbitzuen bitartez izena eman ahal izango dute bertan parte hartu nahi dutenek.

Iazkoaren zenbait datu

2023an, 390 sorta banatu zituzten familia parte hartzaileei eta Liburu Baby Klubaren hamalau saio antolatu ziren; 558 parte hartzaile aritu ziren horietan, saio bakoitzean, batez beste, 20 familia.