Alex Saleta Atorrasagasti: "Gugan konfiantza handia dute eta guk ere horri erantzun behar diogu taldean"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 4a, 09:30

Alex Saleta herritarra, Espainiako Superkopako lehian mele bateko baloiaren zain. Arg.: Sara Cabezas.

Kolore berriekin hasi du Alex Saleta Atorrasagasti (Lasarte-Oria, 2001) errugbi jokalariak denboraldia. Uztailean Ordizia RT utzi eta VRAC Quesos Entrepinares taldearekin bat egin zuen herritarrak. Denbora gutxi izan du Lasarte-Oriako hirugarren lerrokoak taldera egokitzeko, Espainiako Selekzioarekin eta Iberians taldeekin izan da lehian azken hilabeteetan. Harekin bildu gara azken urtearen errepasoa egiteko

2023-2024 denboraldian, Ordizia RTren eskutik, Ohorezko Mailara jauzi egin zenuen. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Niretzako pertsonalki urte oso ona izan zen. Iberians eta Espainiako Selekzioaren deialdia jaso nuen lehenengoz. 

Aviron Bayonnais eta Saint Jean de Luz Olympique taldeetik etorrita, ikasteko urtea izan zen. Frantziako ligetan beste errugbi mota bat jokatzen da eta hasieran kosta egin zitzaidan moldatzea. Hilabeteak igaro eta askoz erosoago sentitu nintzen. 

Taldearekin ligan emaitzengatik arazo gehiago izan genuen; frustrazio horrekin ibili ginen. Baina azkenean jaisteaz libratu ginen. Bizi izan genuen egoeratik atera ginen.

Egun VRAC Quesos Entrepinares taldeko jokalaria zara. Nola gauzatu zen fitxaketa? 

Beraiek jarri ziren nirekin harremanetan; apiril-maiatzean jaso nuen deia. 

Espainian hobekien lehiatzen duen taldea da niretzako. Titulu gehien lortu dituena ere bada. Talde ona eta profesionala da. Eta horrelako zerbait ere bilatzen nuen. 

Gugan konfiantza handia dute, baliabide asko ematen dizkigute eta guk ere horri erantzun behar diogu taldean. Beraz, erantzukizuna batetik eta bestetik berdina izan behar da.

Taldearekin denboraldiaurrerik egiteko ez duzu astirik izan, ordea.

Bai, horrela da, Espainiako selekzioarekin eta Iberiansekin jokatu dut udan eta oporrak ere izan dira tarteko. 

Baina errugbia ez da bakarrik zelaian egiten dena. Taldearen bideoak ikusi, jokaldiak, beste jokalarien izenak ikasi... Etxetik gauzak ikasita eraman behar dituzu. Lehen entrenamenduan gauzak ikasita eramatea gustuko dut, gero gauzak automatizatzeko azkarragoa delako. Esan daiteke nire lana ongi egin dudala eta nahiko ondo joan da.

VRACek Superkopa jokatu du denboraldiari hasiera emateko, baina ez da aurtengo helburu bakarra.

Aurten lau titulu irabazteko borrokatuko dugu (Espainiako kopa zein Superkopa, Liga eta Iberiar Kopa) eta lauen bila goaz.

Liga aipatu duzu. Hilaren 20an, zure talde ohia den Ordiziaren aurka lehiatuko zarete. Partida berezia izango da?

Neurketa bat gehiago izango da. Taldekide ohien aurka jokatzea berezia izango da. Baina taldearentzat partida bat gehiago da eta irabaztera joango gara.

Lehen aipatu duzu, Iberians eta Espainiako selekzioaren deia jaso zenuen aurreko denboraldia eta udan ere haiekin lehiatu zara. Lehenik, Ozeanian izan zinen.

Ozeaniakoa nire bizitzako bidaia izan dela esango nuke. Tonga eta Samoan errugbiari begirune handia diote eta oso talde onak dituzte. Zeelanda Berrian geratu ginen gainera eta Auckland ikusteko aukera izan genuen.

Errugbiari dagokionez, prozesu ona izan da. Aurretik kontzentrazioa egin genuen Valladoliden eta horrek asko lagundu dit. Asko ikasten da horrelako momentuetan.

Eta egiten ari garen prestakuntza guztia Munduko Txapelketarako sailkapena eskuratzeko da. Zehazki, bi neurketari begira; Herbehereen eta Suitzaren aurkako partidak.

Eta Superkopari dagokionez?

Ez dakit zergatik ez diren gauzak ondo atera. Denboraldiaurreko hiru aste egin genituen eta hori ere nabaritzen da, baina nire ustez Lusitanos-en aurkako norgehiagoka irabaztekoa zen. Baina azkenean, egun txar bat izan eta partida galtzen duzu. 

Eta Black Lions-en gainean, zer esan... European Challenge Cup da euren helburua. Talde indartsua dute eta Superkopako neurketak denboraldiaurre modura hartzen dituzte. Ahal genuena egin genuen.

Beltzak RTko harrobiko jokalaria izanik, zer iruditzen zaizu Beltzak RT, Zarautz RT eta Bera Bera RTk osatu duten Gipuzkoa Sortzen proiektua?

Kirol arloan eta ekonomikoki hazteko bide bakarra da. Gipuzkoak errugbiarentzat baliabide gutxi dauzka eta taldeen nahasketa da bide bakarra nire ustez.