Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak kopako kanporaketa ahaztu nahi du. Hilaren 22an, Altzatarrak 2-1 garaitu zuen eta urteko lehen saria eskuratzetik kanpo utzi zuen Josu Lopezen taldea.
Ligan, aldiz, hamahiru aurkari izango ditu hori-beltzen lehen taldeak eta joan eta etorriko liga jokatuko du maiatzera arte.
Alabaina, etxetik kanpo izango du lehen saioa Eguzki Rehabilitaciones taldeak, zehazki, Altzako kiroldegian, Donostian. Hilaren 6an, Martutene KE Zumardiren aurka neurtuko ditu indarrak.
Egun bat lehenago, Maialen Chourraut kiroldegiko kantxan gazteen mailako Eguzki Bodegas Ayesa taldearen denboraldiko lehen neurketaz gozatu ahalko dute zaletuek.
Francisco Javier Kixki Perezek zuzentzen duen taldeak Irun Funtsal taldea izango du aurrez aurre. Otsailera bitartean, itzuli bateko liga jokatuko dute eta hamazazpi jardunaldi izango dituzte gazteek.
Gainerako taldeak
Kadete mailako taldeek ere denboraldiari hasiera emango diote, baina Eguzki Goxokis Goxuak atseden izango du lehen asteburu horretan. Gorka Redondok zuzentzen duen taldeak astebete itxaron beharko du lehiari ekiteko; Lauburu KE Ibarra B izango du aurkari.
Kadeteek martxora arte bi itzuliko lehiaketa jokatuko dute; guztira hemezortzi jardunaldi.
III. mailako Eguzki ISU Leihoak taldeak ere hilaren 13an du fase erregularreko lehen norgehiagoka.
Aurten bi multzotan banatu da lehiaketa eta Lasarte-Oriako taldea bigarren multzoan izango da borrokan. Eibartarraken aurka hasiko du joan eta etorriko ligaxka.