Palestinari buruz euskaraz irakurtzeko "aukera paregabea"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 2a, 12:28

Antonio Mercero aretoan egin zuten solasaldia.

'Ehun urteko gerra Palestinaren aurka. Kolonialismoa eta erresistentzia, 1917-2017' liburuari buruzko solasaldia aurrera eraman dute Antonio Mercero aretoan, Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimenaren agerraldia eta gero. 

"Palestinari buruz euskaraz irakurtzeko aukera paregabea eman digu Iñaki Alegriak, egin duen itzulpen lanari esker". Mikel Zinkunegi 'Mikelon'-ek horrela ekin zion atzo arratsaldeko solasaldiari, Ehun urteko gerra Palestinaren aurka. Kolonialismoa eta erresistentzia, 1917-2017 liburua aurkeztekoari. Rashid Khalidi historialari eta irakasleak duela lau urte argitaratu zuen jatorrizko lana, ingelesez, eta aurtengo maiatzean argitaratu du itzulpena Alegriak, Udako Euskal Unibertsitatearekin. EHUn irakasle hainbat urtetan, erretiroa hartu zuenean "jubilazio plan ona" iruditu zitzaion donostiarrari interesekoak iruditzen zitzaizkion idazkiak itzultzea eta buru-belarri ekin zion zeregin horri.

Khalidiren jatorrizko lana iazko udan irakurri zuen, Irlandan zegoela oporretan. Oso interesgarria iruditu zitzaion eta euskaratzea erabaki zuen: "Nire hasierako asmoa patxadaz lan egitea zen, baina azken gertakariak tarteko erritmoa azkartu eta lehenbailehen argitaratzeko jo eta su aritu nintzen itzultzen". Liburuak sei atal ditu eta beste hainbeste mugarri historiko garatzen ditu horietan baina ez da historia liburu klasiko bat: "Bizipen pertsonalekin eta bere familiarenekin osatzen du kontakizuna Khalidik eta horrek entretenigarriagoa egiten du, irakurlea harrapatzen laguntzen du". Gainera, Alegriari bururatu zitzaion iazko urritik Israel Palestinan gauzatzen ari den sarraskia ere jasotzea euskarazko bertsioan eta Khalidiri berari eskatu zion hori egitea: "Harremanetan jarri bezain laster erantzun zidan eta jatorrizko lanerako prestatzen ari zena bidali". Azken hitza izena du atal horrek.

1948a baino lehenagotik

Liburuaren gakoetako bat, Alegriaren eta Zinkunegiren esanetan, begirada historikoaren hasiera datan dago. "Oro har 1948ko Nakba hartzen dugu abiapuntutzat, baina, Khalidik dioenez, ordurako oinarri eta egitura guztiak sortuta zeuden". Historialaria 1917. urtetik hasten da Palestinaren historia kontatzen, "den-dena hasi zen unetik". Kontestuan jarri zituzten Antonio Mercero aretora bertaratu zirenak: Otomandar Inperioak zin egin zien Frantziari eta Erresuma Batuari lagunduko ziotela gudan, baldin eta berau osatzen zuten herrialdeei independentzia ematen bazieten. Gauzak horrela, guztiek erdietsi zuten estatus hori Palestinak izan ezik. Urte horretako azaroaren 2an sinatu zuten Balfour-eko akordioa eta Erresuma Batua alde agertu zen "judutarren etxe nazionala" izango zena palestinarren lurretan eraikitzeko.

30 urte geroago Nazio Batuen Erakundeak judutarrekin zuen zorra kitatu zuen eta historikoki palestinarren lurra zenaren erdia baino gehiago (%55) eman zien Israelgo estatua eraikitzeko; 1948an egin zuten hori, Nakba-ren bidez –arabiarrez hondamena esan nahi du eta palestinarren exodoari egiten dio erreferentzia; 700.000 pertsonak baino gehiagok ihes egin behar izan zuten beraienak ziren lurretatik–. "Une horretan jabetu ziren palestinarrak ezin zutela ezer espero arabiarrengandik; beraiek borrokatu beharko zuten eurenak ziren lur eta eskubideengatik", azpimarratu zuen Alegriak.

Liburuan beste lau mugarri garatu dituzte: 1967ko Sei Eguneko Gerra, Libanoko guda, I. Intifada (buruzagi denak erbestean zeudenez, palestinar zibilengandik jaio zena) eta 1995eko Osloko Akordioaren porrota eta II. Intifada, aurrenekoa baino "biolentoagoa" izan zena.

Liburua, "frustrazioz betea"

"Ehun urteko gerra Palestinaren aurka irakurri bitartean zerbait geratu bazait argi, hauxe izan da: palestinarren aldarrikapenen aldeko zientoka hitzarmen, bake konferentzia eta antzekoak eginda ere, ez direla bete", bota zuen Zinkunegik. "Hori dela eta, liburua herritarren frustrazioz beteta dago eta irakurtzen duzuenean zuek ere hori sentituko duzue ziur asko". 

Horri lotuta, Alegriak azpimarratu zuen "desoreka izugarria" egon dela beti gudetan, Israelek askoz ere baliabide eta babes internazional gehiago izan dituelako beti. Are gehiago, Khalidik hasieratik argi uzten du biak ala biak ez daudela maila berean, baizik eta auzia koloniala dela hasieratik eta gerra "Palestinaren aurkakoa" dela.

Liburuaren mamia kontatu ostean, Alegriak eta Zinkunegik gustura entzun zituzten ekitaldira bertaratu zirenen galdera eta ekarpenak eta tarte batez solasean aritu ziren.