Hori dela eta, aipatu eragile horrek manifestazioa antolatu du egun horretarako: 19:00etan jarri dute hitzordua, Okendo plazan. Mobilizazioa iragartzeko ekitaldia baliatu dute lasarteoriatarrei ekintza horretan parte hartzea eskatzeko. Halaber, jakinarazi dute bi egun lehenago Bilbon eta Iruñean manifestatuko direla Palestinaren alde eta Israel egiten ari den genozidioaren aurka.
LOPHEko kideek gogoratu dute urtebete daramala Gazak setiatuta, "bonbapean bizitzen eta elikagaiak, ura edota sendagaiak ekartzeko aukerarik gabe". 40.000 pertsona baino gehiago erail ditu Israelek tarte horretan, Mendebaldeko herrialdeen laguntzarekin. "Gainera, milaka dira desagertuak, mutilatuak eta medikuaren arta jaso gabe hiltzera kondenatu dituzten gaixo kronikoak". Umeek bizi duten egoera ere hizpide izan dute herri ekimeneko kideek: "Eskolara joateko aukerarik ez dute, elikagaiak falta zaizkie eta israeldarren erasoen jomugan daude behin eta berriz".
Zisjordania eta Libano
Israelen jopuntuan dago baita ere Zisjordania. "Bertako palestinarrek jazarpen eta apartheid jarraitua bizi dituzte", zehaztu dute LOHPEko kideek. "Eta ezin aipatu gabe utzi Libanoren aurka azken asteotan areagotu dituzten erasoak ere: egun gutxitan ehunka lagun erail dituzte, euren artean Hezbollah-ko buruzagi Sayyed Hassan Nasrallah".
Israelgo erakunde sionistaren erasoen ugaritzea eta hedatzeagatik "oso kezkatuta" daude: "Eskualdeko guda bat lehertzeko arrisku handia ikusten dugu eta horrek herrialde horietako biztanleentzat ondorio izugarriak ekarriko lituzke". Hori dela eta, LOHPEko kideek salatu dute Israel egiten ari den guztia eta hori gauzatzeko jasotzen ari den "babes ekonomiko, militar, teknologiko, mediatiko eta politikoa", Mendebaldeko herrialde indartsuenen eskutik.
Horregatik guztiagatik, "ezinbestekoa eta atzeraezina" iruditzen zaie kaleak eta plazak hartzea, "sionisten erregimen koloniala eta apartheida salatzeko". Esan bezala, Lasarte-Orian datorren astelehenean egingo dute manifestazioa, 19:00etan, Okendo enparantzatik abiatuta.
Urtebeteko ibilbidea
Gazaren aurkako sarraskia hasi eta egun gutxitara ekin zion LOHPEk elkartasun ekintzak antolatzeari: aurreneko manifestazioa joan den urteko urriaren 19an egin zuten, Okendon. Orduz geroztik beste bost mobilizazio aurrera eraman dituzte eta baita Palestinako gaur egungo egoerari buruzko hitzaldi bat aurrera eraman ere, Xirimiri elkartean, apirilean. Solasaldi horretara Samidoun Euskadi elkarteko kide Asier Herranz gonbidatu zuten afera horri buruzko gakoak parteka zitzan bertaratu ziren lasarteoriatarrekin.
Datorren astelehenekoa, beraz, zazpigarren manifestazioa izango da. Egoera zein den ikusita, ez dirudi gisa horretako azken ekintza izango denik.