Aurten berrikuntza bat dakar lehiaketak; bi multzotan egongo da banatua. Joan etorriko liga bat jokatuko dute eta sailkapenaren arabera, multzo bakoitzeko lehen lau sailkatuek igoera jokatuko dute eta gainerakoek jaitsiera. Eta otsailera arte, talde urdin-beltza B multzoko lehen postuetan egoteko lehiatuko da beste zazpi aurkariekin batera. Lehena Navarvoley B izango da eta hurrengo jardunaldietan D'Elhuyar Logroño, Escolapios, Nafarroako Unibertsitatea, Bera Bera, Galdakao BT eta Navarro Villoslada taldeak izango ditu nor baino nor.
Ostadar taldeko entrenatzaile Asier Acuriolak azaldu duenez, aureen igoera faseko sailkapena dute buruan: "Taldea denboraldiz denboraldi garatzen eta hazten joan da eta horregatik, aurten helburua igoera fasea jokatzea izan beharko lukeela uste dugu".
Urdin-beltzek lehiaketa hori jokatzeko maila dutela uste du prestatzaileak eta talde orekatua dutela. "Nahasketa bat dugu, jokalari gazteak eta maila honetan urteak daramatzaten beste multzo bat dugu. Oinarri sendo bat da, txapelketako erritmora ohituak baitaude". Hala ere, denboraldia luzea dela eta horretan zehar gorabehera asko egon daitezkeela jakitun da Acuriola. Horregatik, pausoz pauso joango direla onartu du: "Lehenengo sailkapena lortu behar da".
Denboraldiaurrea
Abuztuan hasi zen lanean taldea eta astean hirutan bildu dira entrenamendu saioak egiteko. Irailaren 28an, prestaketa fintzeko, maila bereko Bera Beraren aurka lehiatu eta Ostadarrek 3-1 garaitu zuen (ikus galeria). "Proba interesgarria izan zen eta denboraldi hasierari begira, presio pixka bat kendu digu," onartu du Acuriolak.