Adinekoen Omenaldi Astearen barruko kontzertu batek irekiko du agenda: Los Gavilanes mariatxi taldeak emanaldia egingo du bihar arratsaldean, 19:00etan, kultur etxeko auditorioan. Sarrera doakoa da. Ez da gisa horretako jarduera bakarra izango, izan ere, Abelardo Mon Amour Banda Bi taldea etorriko da datorren asteko larunbatean eta auditorioan ariko da baita ere, 19:00etan. Ikuskizun horretara joateko 6 euro ordaindu beharko dituzte herritarrek.
Hilabeteko hirugarren asteburua agendan gordetzeko modukoa izango da. Larunbatean erraldoi topaketa aurrera eramango du LOZET elkarteak, zeregin horretan aritzen diren sei talde gonbidatuta udalerrira. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Hurrengo egunean, berriz, Euskal Jaia ospatuko dute. Udaleko Kultura departamentua ari da festa hori prestatzen eta oraindik xehetasun gehiegirik eman ez badu ere, aurreratu du goizetik iluntzera artekoa izango dela programa eta Okendo plaza izango dela gunea, baldin eta eguraldiak laguntzen badu. Hala ez bada, lekualdatu egingo dute.
Antzerkia, zinema eta dantza
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak larunbat honetan etorriko dira kultur etxera, 17:00etan, Ez gara jaitsiko! ikuskizunaren emanaldia egitera. Sarrera gutxi batzuk salgai daudela ohartarazi dute Elicecheak eta Ugartek, 4 eurotan.
Zinema ere hilabete honetan itzuliko da auditorioko pantailara. Ohiko moduan, emanaldietako batzuk udalak antolatu ditu eta beste batzuk Okendo Zinema Taldeak (OZT). Gauzak horrela, igande honetan Lagunak erreskatera eta Romper el círculo filmak emango dituzte, haurrentzat (sarrerek, 4 euro) eta helduentzat (6 euro) hurrenez hurren. OZTk, berriz, Segundo premio eta Volveréis proiektatuko ditu hilaren 11n eta 25ean.
Bestalde, Semblante Andaluz elkarteak eta FARAE Euskal Herriko Andaluziar Etxeen Federazioak flamenko emanaldi bat egingo dute hilaren 19an, Maria Rubi artista gonbidatuta. Ikuskizuna 18:00etan hasiko da eta aretora sartzeko gonbidapena eskatu beharko dute herritarrek leihatilan.
Ugartek nabarmendu du hilabete honetan amaituko dela XX. Dantza Zirkuitua, Haatik konpainiaren Ur bizitan ikuskizunarekin. Hilaren 26an izango da hori, 20:00etan. Sarrerek 6 euro balio dute.
Urriko kultura agenda
Hilak 2, asteazkena
- 19:00etan kultur etxeko auditorioan, Los Gavilanes mariatxi taldearen kontzertua. Sarrera, doan.
Hilak 5, larunbata
- 17:00etan, auditorioan, Pirritx Porrotx eta Marimototsen Ez gara jaitsiko! ikuskizuna. Sarrerek 4 euro balio dute.
Hilak 6, igandea
- 17:00etan, auditorioan, haurrentzako filma: Lagunak erreskatera. Sarrerak, 4 eurotan.
- 19:30ean, auditorioan, helduentzako filma: Romper el círculo. Sarrerak, 6 eurotan.
Hilak 9, asteazkena
- 19:00etan, auditorioan, opera zikloaren hasiera, Giuseppe Verdi-ren Don Carlo ikuskizunarekin. Sarrerek 7,5 eta 9 euro artean balio dute. Danok Kide elkartearekin elkarlanean antolatu du emanaldia udalak.
Hilaren 11tik 20ra (bi egunak barne)
- Antonio Mercero aretoan, Zurmailu taldeko kideen erakusketa; egurrarekin egindako lanak erakutsiko dituzte. Astegunetan 18:00etatik 20:30era eta asteburuetan 11:00etatik 13:00etara.
Hilak 11, ostirala
- 20:00etan, auditorioan, Segundo premio filma emango du Okendo Zinema Taldeak. Sarrerak, 6 eurotan.
Hilak 12, larunbata
- 19:00etan, auditorioan, Abelardo Mon Amour Banda Bi taldearen kontzertua. Sarrerak, 6 eurotan.
HIlak 13, igandea
- 17:00etan, auditorioan, haurrentzako filma: Gru 4: mi villano favorito. Sarrerak, 4 eurotan.
- 19:30ean, auditorioan, helduentzako filma: La virgen roja. Sarrerak, 6 eurotan.
Hilak 19, larunbata
- Egun osoan, herrian barrena, erraldoi topaketa egingo du LOZET elkarteak. Sei talde gonbidatuko ditu.
- 18:00etan, kultur etxeko auditorioan, flamenko ikuskizuna emango du Maria Rubi artistak. Semblante Andaluz elkarteak eta FARAE Euskal Herriko Andaluziar Etxeen Federazioak antolatu dute emanaldia. Sarrera doakoa da baina ikus-entzuleek gonbidapenak eskuratu beharko dituzte leihatilan.
Hilak 20, igandea
- Egun osoan, Okendo plazan, Euskal Jaia.
- 17:00etan, auditorioan, haurrentzako filma: 10 vidas. Sarrerak, 4 eurotan.
- 19:30ean, auditorioan, helduentzako filma: Bitelchús, bitelchús. Sarrerak, 6 eurotan.
Hilak 25, ostirala
- 20:00etan, auditorioan, Volveréis filma emango du Okendo Zinema Taldeak. Sarrerak, 6 eurotan.
Hilak 26, larunbata
- 20:00etan, auditorioan, Haatik dantza konpainiak Ur bizitan ikuskizuna emango du. Sarrerak, 6 eurotan.
Hilak 27, igandea
- 17:00etan, auditorioan, haurrentzako filma: Transformers One. Sarrerak, 4 eurotan.
- 19:30ean, auditorioan, helduentzako filma: El 47. Sarrerak, 6 eurotan.