Aitor Manso herritarra, podiumetik podiumera

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 1a, 13:00

Aitor Manso, Jaizkibelgo igoera lehian. Arg.: A. Manso.

Euskadiko Mendi igoeretako txapelketa azken txanpan sartu da. Irailaren 22an eta 28an, Jaizkibel eta Dimako igoerak jokatu ziren eta Lasarte-Oriako Aitor Manso gidaria 9. mailako podiumaren gorenean izan zen bietan; Diman, Bizkaian, gainera sailkapen orokorreko bigarren ere izan zen

Manso pozik dago bi hitzorduetan egindako lanarekin. Jaizkibelen aurkari gogorrak izan zituela azaldu du, "10. mailako barketa handi batzuk etorri ziren iparraldetik eta bi gainditzea lortu genuen; besteetatik gertu ibili ginen". Horrez gain, bere errekor pertsonala gainditu zuen.  

Aitor Manso, Jaizkibelgo podiumean, 9. mailako saria jasotzen. Arg.: A. Manso.

Dimako igoeran, aldiz, Joseba Iraola izan zen herritarra gainditu zuen bakarra: "Besta maila batean dago eta ezin harengana iritsi". Hala ere, proba hurrengo hitzorduei begira balio izan ziola onartu du: "Eguraldiarengatik, batzuetan euritsu, besteetan eguzkia, zein gurpil jarria aukeratu behar izan genuen eta ibilgailua ere erregulatu behar izan genuen".

Alacant eta Ibiza

Urria erdialdean Urrakiko probak Euskadiko txapelketa itxiko duen arren, herriko gidariak Espainiako txapelketan du jarria gogoa eta ez da azken hitzordura joango. 

"Ezingo gara Urrakin egon Espainiako txapelketako azken proba ere data berean lehiatuko delako Ibizan (Balear Uharteak). Aurten Espainiako txapelketako proba guztiak egitea erabaki dugu. Sailkapenean gertu gaude hainbat parte hartzaile eta bigarren geratu gaitezke. Borrokan gaude. Lehia handia dago; bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatuak gertu gaude hiruzpa lau puntura gaude," azaldu du Mansok. 

Hala ere, Euskadiko 9. mailako garaikurra eskuan du; sailkapen orokorrekoa, berriz, Urrakiren menpe egongo dela onartu du, "Joseba Iraolak Urrakin parte hartuko balu, puntuak nola dauden ikusi beharko genuke".

Eta bien bitartean, hilaren 5ean eta 6an, Onilgo Nazioarteko igoera lehiatuko du Alacanten, Valentziako Erkidegoan. Gogotsu doa herritarra, "bigarren geratzen denak aldea ireki dezake eta gu izatea espero dugu. Bestela Ibizako proba ere geratzen zaigu," adierazi du.