Euskaraz hitza hartzearen erronkari ekin diote

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 1a, 12:37

Udal Euskaltegiko arduradun, irakasle eta ikasleek ikasturte hasiera irudikatu dute gaur goizean. Talde argazkia egin eta gero zentroaren arduradun Pili Galanek eta udaleko Euskara saileko zinegotzi Jon Antxordokik hartu dute hitza. Urrats "garrantzitsu" hori egin izana eskertu diete.

Galanek azaldu du aurtengo kurtsoko leloa Euskaraz hartu hitza dela: "Hitza emango dizuegu zuek, ikasleok, hartzeko". Ondoren, Antxordokik balioan jarri du Udal Euskaltegian eskolak jasotzen hasi diren ikasleek egindako hautua: "Familia, lana, euskaraz bizitzea... bakoitzak ditu bere arrazoiak euskara ikasten hasteko eta udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkizuegu gure euskaltegian izena eman duzuen guztioi". 

Aurrez aurre eta sarean

Aurrez aurreko hamar talde osatu dituzte astean lau egunez aritzeko; astelehenetik ostegunera eta A1 mailatik C1 mailara. Horrez gain, zenbait ikaslek sarean ikasiko dute baina geroago hasiko dira, hilaren 15ean, Galanek azaldu duenez. "Helburua edozein dela ere, eskarmentu handiko irakasle profesionalak izango dituzte bidelagun".

Bestalde, ikastea eguneroko beste ardura eta zereginekin uztargarriagoa izateko, ikasleek txandaka aritzeko aukera izango dute aurten, arestian aipatutako maila bakoitzean bi talde goizez eta beste bi arratsaldez ariko direlako. "Horrek, esan beharrik ez dago, bideragarri egiten du euskara ikastea beste eginkizun batzuekin".

Berrikuntzak dirulaguntzetan

Galanek jakinarazi du 2006, 2007 eta 2008an jaiotakoek 34 euro besterik ez dituztela ordaindu beharko C1 maila prestatzeagatik; gainerakoa HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen kontura izango da. Bestalde, ikasleek %85ko asistentzia izan badute ikasturtean zehar proportzio berean berreskuratuko du matrikulatzerakoan ordaindutakoa, eta, mailaren bat gaindituz gero, beste %15 emango dio HABEk. Hortaz, herritarrek aukera dute euskara doan ikasteko aurten.

Azkenik, Udal Euskaltegiko zuzendariak adierazi du izen emate epea amaitu bada ere lasarteoriatarrek aukera dutela matrikulatzeko. Zalantzaren bat izanez gero zentroarekin harremanetan jartzeko eskatu du 943-36 16 21 telefonora deituta edo euskaltegia@lasarte-oria.eus helbide elektronikora idatzita.