Urria hastearekin batera itzaltzen ditu kandelak TXINTXARRI aldizkariak; 31 dira aurten. Erraz esaten da. Hiru hamarkada eta urte bat dira herri aldizkari bat martxan jarri zuela orduko erredakzioak, Ttakun Kultur Elkartearen egitasmoaren altzoan: Lasarte-Oria euskalduntzea. Agerkari bat horretarako ezinbesteko tresna zela sinetsita kaleratu zuten komunikabidearen kolore bilakatu den azal arrosa bat, Hara...! sorpresa kutsuko esamoldea inprimatuta zeramana.
Hamabostekaria hasieran, astekaria gero, egunkari euskarrian bolada batean... 2017. urtea hastearekin batera aldatu zen azkenekoz herri aldizkariaren azala eta gorputza, berriro astekaria bihurtzeko.
Aldatu ez dena hasierako helburua da: Lasarte-Orian gertatzen denaren berri euskaraz eta gertutasunez ematea. Zeregin horretan dihardugu, eta ostiral honetan, ondo bidean, 1.682. zenbakia argitaratuko dugu.
Urteurren festa
Urtebete igaro al da 30. urteurren festa egin genuenetik Okendo plazan eta Jalgi Kafe Antzokian? Ba bai, eguzkiari buelta oso bat eman diogu ordutik baina atzo izan balitz bezala gogoratzen dugu egun berezi eta polit hori.
Gurea bezalako euskarazko herri komunikabide batek urteak betetzen jarraitzea seinale ona da eta buru-belarri segiko dugu lanean askoz gehiago ospa ditzagun etorkizunean. Bide hori, jakina, ez dugu bakarrik urratu orain arte: eskerrik asko irakurle, babesle, laguntzaile eta lankide guztiei. Jarrai dezagula elkarrekin Lasarte-Oria euskalduntzen.