Bost urteren ostean dantzari eguna berreskuratu du Erketz Euskal Dantza Taldeak. Seigarren aldia ospatu dute, Faltzesko (Nafarroa) Makaia gonbidatuta. Partaideak jantzi eta kalejiran abiatu dira Okendo plazatik, erdigunea zeharkatzeko: Largoenea kaleko biribilgunera aurrena eta Kale Nagusian barrena gero, Tajamarreko errotondara iritsi eta ezkerretara hartzeko, Hipodromo etorbidera. Okendoraino joan eta ordubete pasatxo iraun duen emanaldi nagusiari ekin diote: eragile bakoitzak bere errepertorioko dantza onenak eman ditu eserleku denak bete dituzten dozenaka ikus-entzuleren aurrean.
Lanak amaituta, antolatzaileek oroigarri eder bat eman die gonbidatuei, urte askotako lankidetza eskertzeko. Ondoren, partaide guztien talde argazki bat atera dute.
Dantzarako jantziak kalekoengatik ordezkatu eta Semblante Andaluz elkarteak Atsobakarren duen egoitzan bapo afaldu dute Erketzeko eta Makaiako lagunek. Kontu kontari aritu dira giro ederrean, eta, nola ez, afalostean mahaietatik altxa eta dantzatzera animatu dira batzuk.