Aldarrikapenari berriro eutsiz amaitu du iraila Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 27a, 21:44

Ikasturte berria hasi du herriko Sarek iraileko Azken Ostiralarekin. Ohi bezala, hilabete amaieran elkartu dira eta euripean egin dute mobilizazioa. 60 bat lagunek osatu dute Elizatzetik Okendo plazara bidea, presoen etxeratzearen aldeko oihu batzuk eginez.  Zabalgunean Pili Kastresanak irakurri du idatzia eta Behin Betiko dinamikaren berri eman du. 

Udako etenaldiaren ondoren, Azken Ostirala dinamikari heldu diote berriro ostiral iluntzean. Hilabeterako hitzordu honek atseden hartu badu ere, Sareren eskaerek presente egoten jarraiatu dute. "Jai giroan zein oporretan, 'Etxera' aldarria Euskal Herriko hamaika txokotara zabaldu" dute. 

Ikasturte berria "gogotsu eta indar berrituta" hasteko asmoa dute, eta horren erakusle da hilaren 25ean Behin Betiko dinamika abiatzea. "Bakeari, konponbideari eta elkarbizitzari ateak behin betiko irekitzeko unea dela eskatzera gatoz", eta azken hilabeteetako bidetik, presoen auziari "behin betiko aterabidea" ematea aldarrikatzera. Halaber, 2025eko urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete nahi dituzte, "euskal presoen auziaren konponbidea zein biolentzia ezberdinen biktimen errokonozimendua berehala eta behin betiko irits dadila eskatzeko". Bide horretan, deialdiak eta dinamikak Deialdi etorriko direla ohartarazi dute.