Bizikleta izan da mugikortasun asteko izarra

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 27a, 21:34

Autorik gabeko Mundu Eguna da irailaren 22a, eta harekin bat eginez, beste behin, Mugikortasunaren Astea aurrera eraman du Lasarte-Oriako Udalak. Artelatz Ingurumen Zerbitzuak enpresak oraingorako prestatu dituen  jardueretako asko burutu dituzte ostiral arratsaldean Okendo plazan eta Kale Nagusian.

Goiz euritsua izan bada ere, iragarpenei kasu egin, eta bizikleta azokarako itxitura jartzen hasi dira eguerdian. 16:30etatik 20:30era bertan salgai jarri dituzte erregistratutako 90 patin eta bizikleta, eta lehenengo salerosketak ireki berritan egin dituzte. Zenbaitek etxeko-lanak egin dituzten seinale. Hala ere, ez dira bakarrak izan, arratsalde osoan zehar herritar ugari bertaratu baita pagotxaren baten bila eta aukeran zeuden pizen erdia inguruk jabe berri bat du. 

Haurrenak, paseorakoak, mistoak, errepidekoak eta patinak. Halakoak ziren aukeran egon direnak, baita saskia zuen triziklo elektriko bat ere. Lehen ordutik kuxkuxean ibili direnekin batera, haur batzuek ondo probatu dituzte bizikleta eta patineteak, itxidura barruan aurrera eta atzera ibilita. Baten batek etxera eraman du, baina gehienek zegoen lekuan utzi behar izan dute.

Ordu erdi geroago abiatu da zabalgunetik bizikleta martxa. Hiru haur eta bi begirale ibaiertzeko bidegorritik Michelinera eta handik Urbileko bidegorrira joan dira, Euskotrenetik plazara itzuli aurretik. Bien bitartean, Kale Nagusian prestatutako jolasetan parte hartzen ari ziren zenbait haur. Batetik, bizikletako pedalei eraginda, scalextric batean auto lasterketak egin dituzte. Dirudiena baino zailagoa izan zaie, azkar egin beharrean, erritmoa mantenduz aritu behar baitziren. Han joan dira lurrera autoak behin baino gehiagotan... Bestetik, bizikleten gurpil-ganberak berrerabiltzeko tailerrean, horiek moztu eta zulatuta apaingarriak sortzen ikasi dute. 

Plazaren pareko gunean, berriz, herri kiroletan aritzeko materialak zeuden. Lokotx bilketan saiatu dira batzuk, baina banan bana hartu-uztearen kontuari ez diote kasu gehiegi egin, ezta bakoitzak bere lerrokoak hartu beharrari ere. Edonola, konpondu dira beren arauekin eta gustura aritu. Giza proban aukeratu dute beste batzuek, baina gogotik tira egin badute ere, kosta egin zaie gurpila arrastaka mugitzea, beraz, beraiek bide berriak probatu dituzte. 

Eliza parean, ohi bezala, trebetasun zirkuitu bat atondu dute, bai bizikletaz bai patinez zeharkatu beharreko probatxoekin. Bakoitzak ahal zuenera moldatu dituzte batzuk, amaieran hartu behar zuten zinta pixka bat luzatuz edo hartu beharreko pilota kopurua egokituz. Gustura zebiltzan seinale, amaitu ahala, berriro ilaran jarri dira asko.