Ostadar Ipar Martxako arduradunetako bat den Rosa Ormazabalek kazetariari kontatu dio apenas egin duela lorik gauean, gaurko egunak eragindako urduritasunagatik. Hori dela eta, "repris" askorik gabe zihoala esan du, hau da, nahi baino abiadura mantsoagoan. Ba eskerrak, Rosa! Okendo plazatik irtetean dozenaka partaideen ilara luzea gidatu du Alex Ramosekin batera eta buruan jarraitu du geroztik, berak uste baino biziago. Nekez jarraitu dituzte martxalariak kazetari eta argazkilariek!
Ilarraltzuetan hartu dituzte bi ordu pasatxoko ibilbidea osatzeko beharrezko indarrak, Etxezarreta harategiak emandako txorizo goxo eta salda beroarekin.
Inurrien sorgina eta gidaria
Eguerdikoa izan da orain arteko unerik hunkigarriena. Aurresku eder bat dantzatu eta jo diete Erketzeko kide Ainara Aduriz, Gaizka Ormazabal eta Ander Bardajik parean zituzten dozenaka ipar martxalariei. Horren ostean, espero gabeko bi omenaldi: Miren Zumetari bat, Inurri urdin-beltzen sorgina (esaldi hori brodatuta daraman zapi bat jantzi diote) denari, eta txindurri horien gidaria denari bestea, Rosa Ormazabali, Zure makilei heldu gogor esaldia esaten diena ikasleei, kementsu, ipar martxa egokiro nola egin ikas dezaten. Begiak malkotan zituztela jaso dute aintzatespena biek ala biek eta Zumeta irrintzi pare batekin animatu da. Rosak, berriz, maitasun hitz batzuk izan ditu inurritegiko gainerako kideentzat.
Alazne Ramos eta Ane Jimenez etorri dira orduan, panderoa eta trikitixa ostean, trikipoteoa hasteko. Arkupe tabernan hartu dute lehenengo tragoa eta Buenetxean bigarrena. Garagardo, ardo, ur eta bestelakoak edan bitartean dantzatzera animatu dira zenbait ipar martxalari: fandangoa, arin-arina, pasodobleren bat ere bai...
Ordurako bazkaria ongi irabazita zuten guztiek eta sabelak ederki betetzera joan dira Oriarte Landaberrira. Beltzak Errugbi Eskolako kideak zeuden han, paella goxoak prestatzen: haragiarekin batzuk eta beganoak besteak.
Ipar martxa iraultzeko
Bazkaloste atsegina izan dute Oriarte Landaberrin elkartu diren ehun bat lagunek. Earra! bertso eskolako hiru ikasle eta Lierni Rekondo irakaslea izan dira eszenatoki inprobisatuan aritzen lehenak. Koplaka jardun dira aurrena, broma giroan: ipar martxa taldekoen adinaren batez bestekoa jaisteko izena eman beharko dutela esan diete eta Dragonera kantaren letra idazteko beraiekin ez gogoratzeagatik kargu hartu. Hori dena, esan bezala, txantxetan noski: bukaera aldera argi utzi dute hamarkada honetan egin duten lana aitortu eta eskertzera etorri direla. Horregatik, bertso sorta eder bat oparitu diete: Ipar martxako lagunei jarriak. Bertso eskolako kideek koplen orriak banatu dituzte ikus-entzuleen artean eta guztiek batera abestu dituzte sei bertsoak.
Bertsolarien saioaren ostean etorri da iraultza, Bea Egizabal eta Intza Alkainen eskutik. Ipar martxako makilak oinarri eta erreferente hartuta diziplinari 360 graduko buelta bat ematea proposatu dute, hasi beroketatik eta bukatu kirol mota hori egiteko teknika desberdin eta ugarirekin: txakurrarena, krol, braza... Hori bakarrik ez eta proposatu dute baita ere Lasarte-Oriako armarria eta ereserkia aldatzea. Lehenengoan, otsoak beharrean, jar ditzatela bi edo hiru Rosa Ormazabal, eta, bigarrenean, alda dezatela letra makilekin egiten den ariketa hori ardatza izanda.
Porrotxek kolorea eman dio arratsaldeari. Ez bakarrik, Xumela koruko zenbait kiderekin batera aritu baita: ortzadarra (edo ostadarra) irudikatzen duten koloretako bandera bana hartu du bakoitzak eta gogotsu astindu dituzte Josu Txapartegi Txapas eta Joserra San Sebastianen erritmora.
Oriarte Landaberriko emanaldiekin amaitzeko ekainean sanpedroetan jo zuen ETS taldearen Aukera berriak abestiaren gaineko koreografia bat aurkeztu dute Ostadar Ipar Martxakoek. Hasieran nahikoa leku izango ez zutela zirudien arren, ederki moldatu dira eta akatsik gabe erakutsi dute azken asteetan entseatutakoa.
Amaitzeko, kontzertuak
Aurreikusi baino beranduago hasi dira Denboraz Kanpo eta Auskalo taldeen kontzertuak, baina jendea ez da itxaroteaz aspertu eta gustura kantatu eta dantzatu dute punk-rock erritmoarekin eta euskal kanta ezagun askorekin. Nork daki, egunen batean, akaso, horiek bezain sonatua izango da Dragonera, Denboraz Kanpokoek ipar martxakoentzat espresi sortutako abestia. Badirudi gustatu zaiela bertaratu direnei (martxalariei batez ere, jakina), bi aldiz jo baitute emanaldian zehar. Ondoren, Auskalo erromeria taldeko gazteak igo dira eszenatokira eta baita gonbidatu bereziren bat ere: Maite zaitut abestu du beraiekin Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek. Ondoren, eguna biribiltzeko, berriz zoriondu dute hamar urte bete dituen eragilea. Askoz gehiago izan daitezela. Hori bai, hamargarren urteurrenerako egitarau puska antolatu badute, pentsa zer etor daitekeen mende laurdena osatzen dutenean... Osasuna eta auzolana lagun, edozer da posible.