Hamar urte, milaka kilometro eta ekimen

Nerea Eizagirre 2024ko ira. 27a, 09:30

Ostadar Ipar Martxako kideak Pazko Astean Asturiasera egin zuten bidaia. Arg.: Ostadar Ipar Martxa

Ostadar Ipar Martxa taldeak 10 urte bete ditu. Hamaika irteera, bidai eta ekimenetan parte hartu dute urte horietan guztietan. Taldeko sustatzaile diren Rosa Ormazabal eta Alex Ramos kideekin bilgu gara kirolaz, taldeaz eta urteurrenaz gehiago jakiteko

2014an Rosa Ormazabal eta Begoña Morianak ipar martxako instruktore ikastaroa egin eta Lasarte-Orian talde bat sortu eta kirol disziplina hori irakasteko asmoa agertu zuten. Ostadar SKTra hurbildu ziren taldea nola sortu ahal zuten galdetzeko eta geroztik euren babesarekin pausoz pauso hamar urteko bidea egin dute. Urtebetera Junkal Perez eta Alex Ramosek ere atera zuten titulua eta lauek ekin zioten Lasarte-Oria makilez betetzeko lanari. "Zoritxarrez, urte batzuetara Morianak utzi egin behar izan zuen". 

Ipar martxa makilekin ibiltzearekin lotu ohi da, baina bi irakasleek azpimarratu modura, "kalera atera eta makilekin ibiltzea ez da ipar martxa. Teknika bat du, luzatu eta makila bultza behar duzu. Bultzadarik gabe ez dago ipar martxarik".

Lanean hasi zirenean ezezaguna zen kirolak harrera ona izan zuela jakitera eman dute. Jende taldera batzen joan zen, "emakumeak gehienak" eta egun 134 pertsona daude. Baina saioetara guztiak ez direla agertzen azpimarratu dute: "Hogei bat biltzen gara ostegunetako saioetan. Batzuk guztietara doaz, baina beste batzuk txandaka datoz. Irteeretan ere 30 bat gara".

Ikastaro eta osteguneko teknifikazio saioez gain, irteerak eta bidaiak egiten dituzte "euren arteko sareak sortu, elkartu eta ongi pasatzeko".

Herrian txertatua

Herriko ekimenetan ere presente egoten dira. Hurrengoak, gaurko (hilak 27a), Mugikortasun eguna eta urrian Buruntzaldeko Ibilbideen eguna izango dira. "Beti gaude prest edozer gauza egiteko", onartu dute Ipar Martxako kideek.

Horregatik, elkartasun ekimenekin ere bat egiten dute, hala nola, Aspanogiren martxa. Eta euren harritxoa jartzen dute besteen ongizatea bermatzeko. Lau hilabete daramatzate Aspargirekin (Gipuzkoako Parkinson elkartea) lanean, ikastaro bat egin eta astero biltzen dira. "Proiektu polita eta handia da. Bakoitza egoera ezberdin batean dago". Iaz Retinosis Gipuzkoa Begisare elkartearekin eta proiekto asko ere izan dituztela jakitera eman dute, "baina ez dira aurrera atera".

Egindako lan guztia gustura egiten duela adierazi du Ormazabalek. "Asko ematen dut, baina horrek ere asko ematen dit niri", nabarmendu du.  

Ateak irekiak

Taldeko kideek azpimarratu dutenez edozein pertsonak egin dezake ipar martxa eta ateak zabalik dituztela jakitera eman dute. Ostegunetan 19:00etatik 20:30era saioak egiten dituzte, aire zabalean; eguraldi txarra eginez gero, Oriarte Landaberriko patioan biltzen dira.

Horrez gain, hasiberrientzako ikastaroak ere egiten dituzte. Eta oraindik data zehazteke, 2025ean urtarrilean eta otsailean egingo dituztela aurreratu dute. 

Ipar martxa motzean

Non sortu zen ipar martxa?

1930ean Finlandian sortu zen iraupen eskiko kirolariek udan entrenatu ahal izateko. Baina gaur egun darabilgun teknika Marko Kantaneva-k sustatu zuen, 1997an.

Zein onura ditu?

Onura fisiko eta psikologiko asko ditu. Postura mantentzen laguntzen du eta horrek autoestiman ere isla du. Hankak indartu eta oreka lantzen dituzu praktikatzean, baina momentuan egoten ere erakusten du. Ipar martxa egitean zure mugimenduak modu kontzientean egin behar dituzu eta horretarako, hemen eta orain egon behar duzu.

Zein mota daude?

Modalitate ezberdinak daude, baina denak dira antzekoak. AEBetan Fittreka da nagusi. Europa aldean INWA eta Kantanevaren teknika daude. Guk ALFA-247 egiten dugu, teknikoagoa dela esan daiteke.

Urteurren festa

10. urteurrena dela eta, Ostadar Ipar Martxako kideek hilaren 28an egun osoko egitaraua (ikus jarraian) prestatu dute. "10a zenbaki potoloa da zerbait egiteko eta jai eguna egitera animatu gara", aipatu dute. 

Adin guztietarako ekimenek osatzen dute ospakizun eguna eta guztia auzolanean egin dutela aipatu dute: "Jendeari eskatu diogu eta guztiak esaterakoan prest agertu dira. Egiten duzuna jasotzen duzu eta pozarren gaude izan dugun erantzunarekin".

Egitaraua
  • 09:00etan, ibilaldia Okendo plazatik abiatuta.
  • 11:00etan, hamaiketakoa. 
  • 13:00etan, aurreskua Erketz EDTren eskutik, Okendo plazan.
  • 13:15ean, trikipoteoa.
  • 14:15ean, bazkaria. Bertaratu nahi dutenek tiketak erosi beharko dituzte.
  • 15:30ean, Earra bertso eskolako kideen emanaldia.
  • 16:00etan, Intza Alkain eta Bea Egizabalen umore saioa.
  • 17:00etan, Porrotx eta Bizipozaren Kantukolore.
  • 18:00etan, ipar martxa eta kirol egokitua dantzan. 
  • 18:30ean, Elektropottotte taldearen emanaldia.
  • 19:30ean, Denboraz kanpo taldearen kontzertua.
  • 20:00etan, Auskalo taldearekin erromeria. 

Arratsaldeko ekimenak Oriarte Landaberri eraikinean izango dira

Abestia eta bideoklipa

Egitarauaren barruan, taldeko sare sozialatan ikusgarri dagoen Dragonera kantua estreinakoz joko du Denboraz kanpo taldeak. Ormazabalen seme Beñat taldeko kide da: "Beti sortzen ditu abestiak familiako ekitaldietarako eta guretzat ere bat egitea proposatu nion". 

Dragonera makilak eusteko erabiltzen den uhal edo eskularrua da eta amak aipatutakoa oinarri sortu ditu doinu eta hizkia desadostasun batzuk tarteko: "Singularrean dago eta berez bi makil dira eta beraz dragonerak izan beharko luke, baina azkenan poetikoki singularrean hobe geratzen dela eta horrela geratu da. Cristina Borras Gironako ipar martxako taldeko arduradunari ere bidali diogu bere oniritzia emateko"

Gerora bideokliparen ideia etorri zela aipatu du Ormazabalek: "Lehenik doinuarekin argazki montaje bat egitea genuen pentsatua, baina taldeari koroak grabatzeko eskatu eta egun horretan irudi grabaketa txiki batzuk egin zituzten. Horiek oso politak zirela eta bideoklipa egitea proposatu ziguten. Taldeari esan eta guztiek baiezkoa eman zuten".

Urteurrenaren egunean "eguraldia ona egitea besterik ez da falta". Horrela ez bada ere, ziur giro ederra sortuko dutela eta horretarako herri guztiari urteurreneko ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu diote Ostadar Ipar Martxako kideek. Era berean, udalari eskerrak eman nahi dizkiote emandako laguntzarengatik.

Ostadar Ipar Martxako kideek udalaren babesa jaso dute.