Lasarte-Orian erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek eskuratu ahal izango dituzte kontsumo bonuak. Horiek urriaren 7tik 31ra bitartean lortu ahal izango dituzte, baina azaroaren 3ra arte erabili. ahal. Bonu bakoitzak 10 euroko balioa du, baina, erosleak, horietatik 5 euro baino ez ditu ordainduko; beste erdia udalak hartuko du bere gain. Pertsona bakoitzak gehienez hamar bonu eskuratu ahal izango ditu, eta, horri esker, guztira 100 euro izango ditu tokiko establezimenduetan gastatzeko, soilik 50 euro ordainduta.
Bonuen erreserba honako web atariaren bidez egin beharko dute interesdunek: www.lasarteoriabonoak.eus. Bertan, erabiltzaileek aukeratu ahal izango dute zein establezimendutan erabili nahi dituzten bonuak. 2023ko kanpainarekin alderatuta, aurtengoan plataforman ez dela ordainketarik egingo ohartarazi dute udal ordezkariek. Erreserbatutako bonuak zuzenean trukatuko dituzte erabiltzaile bakoitzak aukeratutako establezimenduan, eta bezeroak 5 euro baino ez ditu ordainduko 10 euroko bonu bakoitzeko. Gainera, erosketa bakoitzean, gehienez ere 6 bonu trukatu ahal izango ditu pertsona bakoitzek, hori bai, establezimendu berean egiten diren erosketen kopuruan inolako mugarik izan gabe.
Bonuak, aurrez aurre
Halaber, baliabide digitaletarako sarbiderik ez duten pertsonek ere izango dute bonuak eskuratzeko aukera, Mirentxun bonuak eskuratzen laguntzeko zerbitzua jarriko baita martxan. Bertara joan nahi dutenek, astelehenetik ostiralera (lanegunetan) joan beharko dute, 09:00etatik 17:00etara. Bertan zerbitzua eskainiko dute, bonuak agortu bitartean.
59 establezimendu
Sozioekonomia saileko zinegotzi Nuria Fernandezek aipatu kanpainaren garrantzia azpimarratu du: "Tokiko kontsumoa sustatu nahi dugu, gure merkatariei, ostalaritza enpresei eta zerbitzu pertsonalei lagunduz, urteko sasoi honetan agian kontsumoak behera egingo baitu beste sasoi batzuekin alderatuta. Kanpaina honekin, denok irabazle ateratzen gara.". Orotara, 59 establezimenduk egin dute bat aurtengo kanpainarekin.
Arestian esan bezala, azaroaren 3an amaituko da kanpaina, eta egun horretara arteko epea izango dute herritarrek erositako bonuak erabiltzeko. Gauzak horreka, udalak herritar guztiak animatu ditu ekimenean parte hartzera; izan ere, produktuak eta zerbitzuak prezio murriztuetan lortzeko aukera emateaz gain, Lasarte-Oriako ongizate ekonomikoari laguntzeko aukera ere emango diela argudiatuz.