Euskaltegiko eskolak urriaren 1ean hasiko dira, asteartearekin. Zinkunegik eta Salsamendik ohartarazi dute izena emateko epea itxita dagoela baina euskara ikasteko interesa dutenek badutela aukera horretarako, baldin eta honezkero sortuta dagoen talderen batean tokirik badago. Horrela den ala ez jakiteko euskaltegira bertara joan daitezke interesdunak bulegoko ohiko ordutegian edota 607 62 52 33 telefono zenbakira deitu.
Oinarrizko ikasmailak
Tokia badute, esate baterako, A0 eta A1 ikasmailetan, oinarrizkoetan. Herrira etorri berriak direnei edota honezkero hemen bizi baina euskara ikasteko aukera izan ez dutenei egin diete izena emateko deialdia. Aurten, gainera, dirulaguntza lerro berri bat prestatu du Eusko Jaurlaritzak ikasmaila horietarako: matrikula egiten direnek 198 euro besterik ez dituzte ordaindu beharko, eta, horretarako baldintzak betez gero, oso-osorik jasoko dute bueltan kurtsoa amaitzean.
Bestalde, pozik daude Zinkunegi eta Salsamendi, 16 eta 18 urte arteko ikasle talde bat C1 maila ikastera animatu delako aurten. Jakinarazi dute irakasle talde berberak ekingo diela eskolei baina posible dela, ikasturteak aurrera egin ahala, pertsona berriren bat lanean hastea eurekin. "Ahal dela, lasarteoriatarra izatea nahi dugu".