Kadete Errendimendu Urrea mailako taldeak eman zion hasiera saskibaloi jardunaldiari. Pertsonaleko marran punteria falta izan zitzaion Jonatan Reinoren taldeari azken minutuetan eta Easo Basket Gammak eraman zuen neurketa, 45-49.
Lehen bi laurdenetan lehia handia izan zen bi taldeen artean. Tamalez donostiarrek 9-15 eta 7-12 partzialekin aurre hartzea lortu zuten eta atsedenaldira 16-27 iritsi ziren.
Atsedenaldiaren ostean, Ostadarrek partida puskatu zuen. Hamahiruna berdindu zuen markagailuan hirugarren laurdenean eta laugarrenean erasoan nagusi izan zen talde urdin-beltza eta markagailuan aurre hartu zuten 41-40. Azken minutuetan, pertsonaleko marrako jaurtiketetan egon zen gakoa. Etxeko jokalariak ez ziren fin ibili. Aurkariek, aldiz, biko jaurtiketekin erantzun zuten eta alde txikia irekitzeaz gain, garaipena ere erdietsi zuten.
Zilar mailako taldeak ez zuen zortea hobea izan. Ipartronic Oiarso SKTren aurka neurtu zituen indarrak eta 28-42 galdu zuen.
Aurkaria indartsu hasi zen eta lehen laurdenean zortzi puntuko aldea ireki zuen (8-15). Bigarrenean etxeko taldea ez zin fin ibili eta Errenteriako jokalariek 2-10eko partziala eginez tartea handitu zuten.
Atsedenaldiaren ostean, urdin-beltzek beso makur geratuko ez zirela erakutsi zuten. Erasoan ederki aritu eta aurkariak pertsonaleko marratik lortu behar izan zituen puntuak; 11-5 amaitu zen laurdena. Azken laurdenean etxekoa indartsu hasi ziren baina azken minutuetan Oiarsok zortzi puntu egin eta azken laurdena ere eskuratu zuen (5-12).
Eta arratsaldean ere ez zen hobe joan Junior Errendimendu Zilarra mailako taldearen hitzordua (Ikus galeria). 35-44 galdu zuen Bera Bera Rikardo tabernaren aurka.
Lehen zatiko berdintasuna (12-16 eta 9-8) hirugarren laurdenean hautsi zen. Bi taldeek falta pertsonal ugari egin zituzten eta bederatzi puntuko tartea ireki zuten donostiarrek (30-41). Azken hamar minutuetan gainera tentsioa handitu eta saskiratze gutxi egin ahal izan zituzten bi taldeek, 5-3koa izan zen partziala.