Herriko igerilariak ederki jardun dira itsas zeharkaldietan udan zehar

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 25a, 11:00

Paseo Berriko Igeriladian paret hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilarietako batzuk. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Itsas Zeharkaldien denboraldia amaitu da Gipuzkoan. Abuztuan eta irailean zehar ur irekietako hainbat proba jokatu dira eta herriko igerilariek ez dute huts egin. Buruntzaldea IKTko kideak gainera Asturiasen eta Vieux-Boucau-les-Bains (Frantzian) herriko Port d'Albret lakuan izan dira lehian. Nahiz eta batzuetan itsaso zakarrari aurre egin behar, ederki jardun ziren eta euren mailetako lehen postuetan sailkatu ziren

Abuztuaren 4an, Txingudiko badiako itsas zeharkaldia izan zen, Hondarribian. Herritarren artean Joseba Egia (34.45), Juan Vicente Martin (34.49) eta Buruntzaldea IKTko Laura Igea (42.47) izan ziren euren mailako lehen postuetan. Egia eta Martin bigarren izan ziren eta Igea laugarren.

Hamaika egun geroago, Donostiako Aste Nagusiko egitarauaren barruan Paseo Berriko 54. Igerialdia jokatu zen eta Egia bera izan zen herritarren artean azkarrena (44.10) eta Juan Vicente Martinek berriro ere bere mailako bigarren postua eskuratu zuen (45.41). Buruntzaldea IKTko kideei dagokionez, Itsaso Tolosa, Miren Sarobe eta June Lopez izan ziren lehenak proba amaitzen; batera iritsi ziren helmugara eta 51.12 marka egin zuten. 

Irlako 25. igeriketa zeharkaldia astebetera izan zen eta bertan Buruntzaldea IKTko kideak izan ziren herriko ordezkari. June Lopez izan zen helmugaratzen lehena, emakumezkoen artean 7. sailkatuz eta 52.32 denbora eginez; minutu eskasera Itsaso Tolosa iritsi zen (53.38) eta jarraian Igor Amantegi (56.07). Hurrengo hiruak berriz, bakoitza minutu bateko tartean iritsi ziren gutxi gorabehera. Pablo Muñozek 01.03.43 denbora egin zuen, Laura Igeak 01.04.05 behar izan zituen 3.000 metroak osatzeko eta Manu Santosek, berriz, 01.05.41.

Iraileko hitzorduak 7an hasi ziren 80. Kontxa Badiako Igerialdiarekin. Herritarren artean, Aimar Sukunza izan zen lehena helmugara iristen, 31.43; sailkapen orokorrean zazpigarren izan zen. Gutxira iritsi zen Buruntzaldea IKTko Mario Amantegi, 31.54 denbora lortuta. Juan Vicente Martinek 22:40 markarekun bere maialko hirugarren postua eskuratu zuen.

Azkenik, Mutriku eta Deba arteko Flysh Beltza zeharkaldia egin zen hilaren 22an. Proba ekainean jokatu behar bazen ere, eguraldiak eta itsasoaren egoerak ez zuen ahalbidetu eta orain lehiatu da. Lasarte-Oriako ordezkarien artean bakarrak parte hartu zuen igerialdian, Aimar Sukunzak. 40.00 marka egin eta sailkapen orokorreko zazpigarren eta senior mailako laugarren postuan amaitu zuen proba.

Kontxako badiako igerialdian parte hartu
zuten Buruntzaldea IKTko kideak. Arg.: Buruntzaldea IKT

Bestelako probak

Gipuzkoatik kanpo ere igerian izan dira Buruntzaldea IKTko kideak eta bertan ere emaitza ederrak lortu zituzten.

Abuztuaren 3 eta 4ko asteburuan taldekide Adrian Garciak bi probari egin zien aurrea Navian, Asturiasen. Ur Irekietako Asturiasko Kopa ospatu zen eta Adrianek 3 x 2.500 m. erreleboetako proban hartu zuen parte bi lagunekin. 7.500 metroak osatzeko, hiruen artean 02.17.13 marka egin zuten. eta taldeak 25. postua lortu zuen. Horrez gain, Navia ibaiaren jaitsieran ere egin zuen igeri. Bost km-ko distantzia 01.04.45 denboran osatu zuen Garciak eta bere kategorian 18. izan zen.

Adrian Garcia eta bere lagunak Ur Irekietako Asturiasko Kopan parte hartu zuten. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Bestalde, hil horretako 18an, Igor eta Mario Amantegi aita-semeek ohitura bilakatu duten Vieux-Boucau-les-Bains (Frantzian) herriko Port d'Albret lakuko proban parte hartu zuten. Hitzordu honetan Mariok saria eskuratu zuen; hirugarren postuan iritsi zen helmugara.

Buruntzaldea IKTko arduradunen hitzetan, euren kideek ur irekietako denboraldiari amaiera eman diote, urtean zein uretatik kanpo esperientzia ederrak bizi izanaren pozarekin: "Euren buruari aurre egiteaz gain, loturak sendotu eta oroitzapen politak sortu dituzte".