Hilaren 21ean, Azpeitiko zezen plazan jokatu zen zazpigarren edizioko finala. Lasarteoriatarrak lehen txandan parte hartu zuen Aritz Irazabal eta Xabier Zaldua Gurrutxazpiren aurka. Bigarren txandan Andoni Iruretagoiena Izeta IV, Xabat Olaizola eta Ioritz Gisasola Zelaia IV aritu ziren.
100 kiloko harriari hamar jasoaldi, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin, bi enbor moztu, 50 kiloko txingekin hiru plaza egin eta kilometro eta erdi korrika. Horiek izan ziren egin beharreko lanak eta Telleria bere txandan azkarrena izan zen; guztira 33.47 behar izan zituen.
Faborito zen Izeta IVak (30.53) lortu zuen garaipena bigarren txandan eta laugarrenez eraman zuen txapela. Olaizolak (31.48) ere lortu zuen Telleriaren marka ontzea eta ondorioz, hirugarren postua eskuratu zuen herritarrak.