Nazioarteko lehian, K1 mailako sailkapena lasai gainditu ostean, bigarren marka onenarekin iritsi zen herriko palista finalera; finalerdian Andorrako Monica Doriak bakarrik gainditu zuen.
Azken aurreko postuan parte hartu zuen Chourrautek azken saioan eta zirraragarria izan zen; akatsik ez zuen egin eta 100.30 markarekin lehen postuan jarri zen. Doriaren zain geratu zen lasarteoriatarra. Andorrarrak ezin izan zuen Chourrauten denbora ondu, ordea; mantsoagoa izan zen eta akats bat ere egin zuen. Ondorioaz, herritarrak eskuratu zuen garaipena.
Urrea jantzi arren, Chourrautek ez du Munduko Kopa etxera eramaterik izan. Sari nagusia Ricarda Funk alemaniarrak jaso du.
Txapeldun hirukoitza
Espainiako txapelketak, berriz, hilaren 6tik 8ra burutu ziren. Aipatu lehen egunean, K1 mailako taldeko probak jokatu ziren. Chourrautek Atletico San Sebastian elkarteko taldekide Olatz Arregui eta Leire Goñirekin batera egin zuen jaitsiera. Nahiz eta bi puntuko zigorra jaso denborarik onena egin eta garaikurra eraman zuten.
Ordu gutxietara bakarkako proba lehiatzeko atera zen uretara lasarteoriatarra. Nahiz eta akatsa egin eta zigorra jaso, onena izan zen Chourraut eta hurrengo eguneko finalerdirako txartela eskuratu zuen. Finalerdian zein finalean ez zuen hutsik egin, ordea; nagusi izan zen.
Kayak kros modalitatean ere Atletico San Sebastianeko palistak Olatz Arregui eta Leire Goñi taldekideekin osatu zuen podiuma. Chourraut lehen mailara igo zen, Goñi bigarrenera eta Arregui hirugarrenera.