Ondo ibili egitasmoaren aurkezpena egin du Lasarte-Oriako Udalak. Helduentzako ibilaldi saioak dira, astean behin, ostiraletan, aurrera eramango dituztenak, eta horren gaineko xehetasunak eman ditu Kirol zinegotzi Goizalde Pildainek.
Azpimarratu du saio horiek "osasuna eta ongizatea" direla bertan parte hartzen dutenentzat, eta horrez gain, herritarrak elkar ezagutu eta adiskidetasun berriak egiteko aukera ere eskaintzen dutela.
Arestian esan bezala, Mugikortasunaren astearen barruan aurrera eramango dute lehen saioa; hilaren 27an izango da hori, 11:00etan Okendo plazatik abiatuta. Horren ostean etorriko dira gainerakoak. Ostiraletan izango dira horiek ere, ordu eta leku berean.
Ibilbideei dagokionez, Pildainek azaldu du aukera bat baino gehiago egongo direla eta parte hartzaile bakoitzak, bere egoeraren arabera parte hartu ahal izango duela batean edo bestean.
Eguraldi txarra eginez gero, kaleko saioak Biyak Bat egoitzara lekualdatuko direla ere ohartarazi du; bertan batuko dira partaideak eta hor egingo dute eguneko saioa. Hori azalduta eskerrak eman dizkio zaharren egoitzari espazio horren erabilera ahalbidetzeagatik.
Libreta bat eta zigiluak
Lehenengo ibilaldian libretatxo bana jasoko dute parte hartzaileek. Hala, egindako saio bakoitzeko zigilu bat egingo diete arduradunek bertan. Horrela, ibilbide guztiak egin dituela erakusten duen zigilu kopuru osoa batzen dutenek sorpresatxo bana jasoko dute.
Herritarrak ekimenean parte hartzera gonbidatu ditu kirol zinegotziak, eta berarekin batera, Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Nuria Fernandezek ere bai.