Txirringak berrikusi eta konpontzen ari dira

Maddi Zaldua 2024ko ira. 23a, 17:56

XVIII. Mugikortasun Astearen barruan iragarritako egitasmoen barruan, bizikletak konpontzeko tailerra aurrera eramaten ari dira Okendo plazan. 20:00ak bitarte ekimen horretan parte hartzeko aukera dute interesdunek. Horretarako Okendo plazara joan, eta bertan dagoen furgoneta ibiltariaren inguruan ilara egin behar dute; ez hori bakarrik, ordea, MUGI txartel pertsonalizatua aurkeztu beharko dute. 

Horrez gain, hialren 27an bestelako zenbait jarduera ere aurrera eramango dituzte mugikortasun astearen harira, honako hauek hain zuzen ere:

Hilaren 27a, ostirala:

  • 11:00etan. Ondo ibili! taldea abiatuko da udaletxeko arkupeetatik. Adineko pertsonei zuzendutako jarduera honen helburua da oinez ibiltzeko ohitura osasungarria sustatzea. Programa egun horretan hasiko dute eta astero errepikatuko dute.
  • 16:30etik 20:00etara. Bizikleten bigarren eskuko azoka burutuko da Okendo plazan. Egoera onean dauden bigarren eskuko bizikletak eta patineteak onartuko dituzte, beraz, aukera ezin hobea izango da horiek prezio onean erosteko. Berea saldu nahi duenak, adin nagusikoa izan behar du eta aldez aurretik izena eman, www.merkabi.eus/lasarte-oria webguneko formularioa betez edo 943.67 02 49 telefonora deituz. Inskripzioa egitearekin batera, bizikleta eramateko hitzordua aukeratu beharko du. Ohartarazi dute bizikleta erosleek eskudirutan ordaindu beharko dutela.
  •  17:00etatik 19:30era. Jolasak antolatu dituzte, Okendo plazan eta inguruan. Bizikleta zirkuituak, zinta jolasa, trebetasun probak eta beste hainbatetan aritzeko aukera eskainiko dute. Horrekin batera, aisialdiko jolasak eta ludoteka ere egongo dira. Hori guztia aurrera eraman ahal izateko, antolatzaileek jakinarazi dute egun horretan Kale Nagusia itxita egongo dela 1 eta 30 zenbakien artean, 16:30etik 20:00etara.
  • 17:00etatik 19:00etara. Gurpil kameren gaineko berrerabileraren tailerra burutuko dute, eta, aldi berean, lasterketak egingo dituzte scalextric zirkuitu batean. Azken horrek, parte hartuko duten pertsonen pedalen eragitearekin sortutako energia berriztagarriarekin funtzionatuko duela jakinarazi dute antolatzaileek. 
  •  17:00etan. Bizikleta martxa aurrera eramango dute Okendo plazatik abiatuta. Kaskoa erabiltzea nahitaezkoa izango da.
  • 18:30ean. Ostadar SKTren laguntzarekin, ipar martxa saio bat aurrera eramango dute Okendo plazatik abiatuta. Herritar guztiei zuzenduta dago.
  •