Denboraldiaurrean hainbat bandera irabazi zituzten eta ligarako gogotsu zeudela erakutsi zuten. Euskotren lehen txandako ohiko izan arren, ohorezko txandan ere hainbat estropadetan lehiatzera iritsi zen Ama Guadalupekoa. Sailkapeneko bosgarren postuan amaitu zuten lehia berdeek jaitsierako postuetatik urruti. Hondarribiak ezin izan zion urteari amaiera ederra eman, ordea; Kontxako banderatik kanpo geratu zen. Hala ere, pozik dago herritarra eskifaiak egindako denboraldiarekin
Denboraldiaurrean Donostia Arraun Lagunak indartsu zegoela ikusi zen eta ligan ere horrela izan da. Aurkariek nola ikusi duzue bere garapena?
Hasieratik genekien gainetik egongo zirela, lana ondo egin dute orain arte eta emaitzak ikusi dira. Beste edozein talderentzat zaila izan da aurten irabaztea.
Aurten ere bosgarren izan zarete Euskotren Ligan eta jaitsiera saihestu duzue. Helburua bete duzue?
Bai. Eskifaiakide aldaketa handia izan da aurten. Arraunlari berri asko izan ditugu eta formakuntza lana egin behar izan dugu hasieratik. Beraz, berriro bosgarren postua lortzea emaitza oso ona izan da. Uste baino hobeto ibili gara.
Donostia Arraun Lagunak, Orio Orialki, Tolosaldea eta Nortindal Donostiarra taldeek maila handia erakutsi dute eta, ondorioz, Cabo da Cruz, Hibaika eta Tiranekin egin duzue lehia. Nola egin diozue horri aurre?
Uste dut erdiko puntu batean ibili garela. Ohorezko txandakoen mailan ibiltzeko gure %100 inguru ibili behar ginen baina lehen txandan nahiko erraz izaten ginen nagusi. Maila jauzi handia zegoen txanda batetik bestera.
Hala ere, ohorezko txandan egotea ere lortu duzue hainbat banderatan, hala nola, Zarautzen. Pozik zaudete horregatik?
Bai; izan dugun negua ikusita espero baino maila hobea eman dugu. Uste dut aurreko urtean baino gehiagotan lortu dugula ohorezko txandan egotea.
Denboraldiari amaieran Kontxako Banderako sailkapen proban lehiatik kanpo geratu zineten. Pena duzue?
Bai, egia esan ez genuen espero. Gainera nik ez nuen sailkapen estropadan arraun egin osasun arazo batengatik eta iganderako prestatzen ari nintzen. Denboraldia egun batetik bestera bukatu zitzaigun eta pena handiarekin geratu ginen.
Bandera eta txapelketa ugari lehiatu dituzue, baina zein izan da aurtengo lehiarik bereziena zuretzat?
Bilboko estropada izan da. Erlojupekoa zen eta ez genuen espero eman genuen maila ematea. Uste dut gure bertsio onena eman genuela.