"Ez genuen imaginatzen denboraldi bikain hau egitea lortuko genuenik"

Nerea Eizagirre 2024ko ira. 23a, 10:00

Aiora Belartieta, Kontxako banderarekin; atzean, Nahia Goenaga. Arg.: Jon Parron San Sebastian/Irutxuloko hitza

Aiora Belartieta Galardi eta Nahia Goenaga Sarobe Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlariak

Uretan zein lehorrean. Tostan lehian zein animoak ematen. Aiora Belartieta Galardi (Lasarte-Oria, 2002) eta Nahia Goenaga Sarobe (Lasarte-Oria, 2007) Donostia Arraun Lagunak-ek denboraldi historikoa bizi izan dute bi ikuspegi ezberdinetatik.

Biak pozarren agertzen dira Lugañeneko eskifaiak denboraldi osoan egindako lanarekin. "Neguan hau horrela izango zela esango baligute, ez genuke sinetsiko", nabarmendu du Belartietak. "Ez genuen imaginatzen denboraldi bikain hau egitea lortuko genuenik, edozein arraunlarik eskuratu nahiko lituzkeen lorpenak zein errekorrak lortu baititugu. Azkenean negu osoan egindako lan eta entrenamendu gogorrek bere fruituak eman dituzte eta izugarria izan da denboraldi hau ekipoarekin bizi ahal izatea", adierazi du Goenagak.

Bandera guztiak lortu

Denboraldiaurrean Tolosaldea, Orio Orialki eta Donostiarra ontziek indartsu zeudela erakutsi zuten, baina Euskotren Ligan nagusi izan da Donostia Arraun Lagunak bandera guztiak batu ditu Lugañene baserrian. Lehen helburua Liga irabaztea bazen, Belartietak onartu modura, helburuak aldatzen joan ziren lehiaketan zehar: "Helburuak pixkanaka-pixkanaka ezarriz joan dira egoerak horrela ekarrita. Gogo handiz hartu ditugu jarritako helburu berriak eta gure burugogorkeriaren ondorioz lortu ditugu betetzea". Goenagaren hitzetan, "lortutako garaipen guzti horiekin liga bukatu baino lehenago irabazle izatea lortu genuenez, geratzen zitzaizkigun jardunaldiez gure ehuneko ehuna ematen inoiz bezala gozatu eta disfrutatzea geratzen zitzaigun". 

Eta nahiz eta jardunaldi guztiak ez irabazi, lortutako emaitzekin asebeteta daudela onartu du Goenagak: "Zarautzeko ikurrina guk irabazi arren, bigarren jardunaldian Tolosaldea izan zen garaile. Horrek ez zigun inolako presiorik ezarri, izan ere, badakigulako aurtengo denboraldia hamarrekoa izan dela, bandera guztiak eskuratu ditugula eta horrekin nahikoa baino gehiago dugula".

Xedeak xede eskifaiak presiorik somatu ez duela onartu dute biek. Hala ere, Belartietak bere postuarengatik –brankan dago eta ziabogak egiteaz arduratzen da– erantzukizunaren zama sentitu eta taldekideek lagunduta aurrera eraman duela aipatu digu: "Nire postuan ardura hori dut, baina nire taldekideen babesa eduki izan dut uneoro".

Ligan iaz ihes egin zizkieten banderak bereziak izan dira Belartietarentzat, baina Kontxako Banderak ere badu bere lekua. 

Kontxan ere garaile

Euskotren sariaren ostean, ederki egin zuen lan Lugañeneko eskifaiak denboraldia biribildu eta iaz bezala traineruetako hitzordu garrantzitsuan garaile izateko. Ontzikideek bi jaurdunaldiak asko disfrutatu zituztela onartu du Belartietak eta denboraldi osoan zehar eman duten maila erakutsi zutela nabarmendu du.

Goenagak adierazi duenez, "aurretik egindako lan eta entrenamendu guztiekin taldea prest zegoen bere ehuneko ehuna emateko eta honekin batera garaipena eskuratzeko". 

Eta lehen jaurdunaldian eskuratuko 9 segundoko errenta erabakigarria izan zela onartu du: "Abantaila horrek nolabaiteko lasaitasun pixka bat eman zigun. Baina argi dago garaipen honen atzean urduritasun eta ezjakintasun puntu bat ere bazegoela, azken finean Kontxan edozer gauza gerta daiteke eta oso kontzentratua egon behar zara zure estropadan, edozein despistek kalte handiak ekar ditzakeelako".

Ikasteko urtea

Ontzian bertan lehiatuta edo lurrean babesa ematen, garaipenak berdin bizi eta ospatzen direla onartu du Goenagak eta Kontxako Bandera beretzat bereziena eta hunkigarriena izan dela onartu du: "Egia da liga osoan zehar kontxan baino gehiago erakusten duzula, kiroltasunari dagokionez. Baina Kontxan dagoen arraunzale giroa ez da beste inon ikusten. Garaipena eskuratzerakoan bertako zale guztiak txalotzen ikustean, talde honen atzean dauden tekniko eta laguntzaile guztien poztasun aurpegi guztiak ikusterakoan sentitzen dena, edota egunero laguntzeko prest dauden pertsona horiek zure garaipena ospatzen ikusten dituzunean… ez daukat hitzik sentimendu hura deskribatzeko". 

Eta horrelakoetan aurretik egindako lan guztia balioan jartzen dela gaineratu du: "Neguan ikaragarrizko hotzarekin, euritan… egindako entrenamendu latzak, alde batera utzi behar izan dituzun hobby, zaletasun edota gure adineko jendeak egiten dituen eta zuk alde batera utzi behar dituzun planak datozkizu burura".

Goenagak aurten ez du lehiatzeko aukera askorik izan, baina egoera onartua zuela adierazi digu: "Hasi zenetik argi neukan lurrean geratzeko denboraldia izango zela. Azken finean hasi berria naizenez, gauza asko ditut hobetzeko oraindik. Baina horrek ez dit eragotzi estropadaro ilusio izugarria sentitu izana, harrotasun handia sentitzea taldearengan eta noizbait traineru hortan arraun egiteko gogo izugarriak edukitzea". 

Donostia Arraun Lagunak-eko kideak, Oriaren jaitsiera probako banderarekin. Belartieta eta Goenaga beheko lerroan, eskuinetik hasita lehena eta hirugarrena dira. Arg.: Donostia Arraun Lagunak.

Oriaren jaitsieran egin zuen debuta eta oroitzapen hori ekarri du ahotara: "Ni eta nire kide diren Ane Villagarciak –taldeko beste jubenila– eta Amaia Eguren patroiak debutatu genuen, eta gure lehen garaipena izan zen traineruan. Bertako giroa Kontxakoarekin alderatzerik ez dagoen arren, nire buruarengan segurtasun puntu hori eman zidan garaipena izan zen, eta horregatik beti gogoratuko dut estropada oso latz baino kuttun bat bezala".  

Beraz, ikasteko urtea izan dela onartu du, "urte hau nolabait banku finkoko dinamikan sartzeko urtea izan da. Ni aurretik banku mugikorrean ibilitakoa naiz, eta aurten bi disziplinetako entrenamenduak batera egin ditut. Etorkizunari begira aulki mugikorra alde batera uztea eta traineruan zentratzea da ideia, aurretik taldeko hainbat arraunlarik egin bezala".

Eta hurrengo urtera begira, estropada bat jokatzeko gogo izugarriak dituela onartu du. Hala ere, taldean sartzea zail izango dela jakitun da: "Oso barneratuta daukat taldeak oso maila altua duela, eta nik oraindik asko dudala ikasteko, beraz lorpen hori buruan edukita oso gogor egingo dut lan datozten denboraldietan noizbait traineruan postu hori eskuratzekotan".