Keinu txikien bitartez komunitatea egiteko kanpaina

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 23a, 15:16

Caritas Gipuzkoak, Alzola Basque Water-rekin lankidetzan eta Lasarte-Oriako Aterpea merkatarien elkartearen laguntzarekin, Keinu txikiek ere
komunitatea egiten dute kanpaina jarri du martxan. Gaur hasi eta hilaren 29ra arte egongo da indarrean

Kanpaina honen helburuak dira kalean presente egotea eta herritarrak sentsibilizatzea,
eguneroko jarrerak pertsona guztientzako gizarte abegikorragoa eraikitzeko duen
garrantzia azpimarratzearekin batera. “Egun on bat, irribarre bat, atea behar duen norbaiti heltzea, pertsona guztiei berdinetik berdinera begiratzea jatorria edozein dela ere, edo baztertze egoeran zein arriskuan daudenak ez aurre juzgatzea edo kriminalizatzea guztion eskura dauden jarrera batzuk dira, eta gure herri eta hiriak lagunkoiagoak eta inklusiboagoak izaten laguntzen dute", hala adierazi du ekimenaren Caritas Gipuzkoak aldizkarira bidalitako prentsa ohar batean

“Keinu txikiek ere komunitatea egiten dute” kanpaina herritarrak sentsibilizatzeko
xedearen barruan kokatzen da, eta kalean izango da Lasarte-Oriako Aterpea elkarteko
hogeita hamar bat saltokiri esker (Azpeitiko Bertan elkartekoek ere egitasmoarekin bat egin dute). Horien guztien erakusleihoetan kanpainaren afixa jarriko dute, eta, horrekin batera, pertsona guztientzako aukerak dituen gizarte bat eraikitzera gonbidatzen duen mezua ere bai. Gainera, nahi duenak Caritas Gipuzkoaren jarduerari ekarpena egin diezaioke borondatezko dohaintza baten bidez, eta horren truke Alzola Basque Waterrek kanpaina honetarako emandako ur botilatxo bat jasoko du trukean. Ekimena gaur hasiko da, eta hilaren 29ra bitartean egongo da martxan. Lasarte-Oriako merkatariekin batera, Azpeitikoek ere parte hartuko dutela jakinarazi dute.

Gipuzkoako Caritas

Caritas Gipuzkoa irabazi asmorik gabeko erakundea da, hirugarren sektore sozialaren
esparruan lan egiten duena. Pertsonen garapen integrala lantzen eta sustatzen du eta, aldi berean, gizartea sentsibilizatzen du, bidegabekeriak salatuz mundu justuago bat eraikitzeko.
Askotariko errealitateekin lan egiten du, hala nola etxerik gabeko pertsonekin,
migratzaileekin, pobrezia edota bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden emakume eta
familiekin. Horretarako, hainbat programa eta zentro ditu: egoitza harrerak, gizarte eta
hezkuntza orientazio programak, okupazio edo lan aurreko zentroak.Eginkizun nagusia
pertsonei laguntzea da, euren autonomia pertsonala sustatuz.

Caritas Gipuzkoaren jardueran boluntarioen lana funtsezko zutabea da.