Cacereseko Pional herrian jaio zen Mercedes Ramos Calle 1924ko irailaren 21ean. Bertan ezkondu eta lau seme-alaba izan zituen, Juan, Luis, Maria Angeles eta Belen Merchan, eta 50 urte zituela Lasarte-Oriara etorri ziren. Beste asko bezala, lehenik senarra lekualdatu zen bizimodu oparoago bat izan nahian, eta egonkortu zenean, han zituzten lur batzuk saldu, etxebizitza erosi eta familia herrian elkartu zen. "Bizitza erdia darama hemen", nabarmendu du Maria Angelesek, amari buruzko beste xehetasun batzuen artean.
Seme-alabak alboan izan ditu, baita ilobetako batzuk eta irribarre bakarrenetakoa atera dion Nora biloba. Denek egon nahi izan dute bere alboan goizean Atsobakar egoitzan egin dioten festa xumean. Eguneko zentrora etortzen hasi zen eta 2018tik egoitza du bizitoki. Zaintzaileetako batek euskara eta gaztelania uztartzen zituen bertso bat abestu dio, urduritasun eta zirrara nahasketa batek utzi dion bezain ondoen. Amaitzean, markoan jarrita oparitu dio, gaurko egunaren oroigarri. Ez da jaso duen opari bakarra izan, Agustin Valdivia alkateak eta Nuria Fernandez zinegotziak arrosa sorta bat eraman baitiote.
Argazki ugari egin badizkiote ere, lasai zirudien. Are gehiago, lo gelditu da zenbait unetan. "Ile apaindegian egon da eta goxo dago orain". Alboan zuen bere ilobetako batek laztanak egin dizkio eta horrek esnatu du behin baino gehiagotan. "Harreman berezia izan dute beti", azaldu du alabak. Oro har, Ramos osasunez ondo dago. "Nahiko gorra dago, audifonoetako bat galdu du, gainera; baina ez du minik eta ondo dago".
Kandela itzalita, hamaiketakoa egin du gainerako egoiliarrekin, bizkotxo zati bana eta txokolate irabiatua banatuta. Gozo zalea izan ez bada ere, adinarekin joera aldatu duela ere kontatu dute, eta antza, ez da bakarra. Bazkaldu ondorengo siestatik esnatzean, elkarte batean askaria egingo du familiarekin, eguna Atsobakarren amaitu aurretik.