Txakurraren eta gidaren arteko lotura, proban

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 21a, 14:13

Xuhakan Txakur Elkarteak antolatutako V. Erabilgarritasunezko Kirol Mendetasun lehiaketa aurrera eramaten ari dira Apaor kalean dagoen eremuan, Bugati erretegiaren ondoan. Parte hartzekoak gehiago baziren ere, 40 bat bikote ari dira lehian. Norgehiagoka arratsaldera arte luzatuko dute. 

Goizeko 09:00etan hasi dute txapelketa eta eremuaren kanpoaldean nabari zen ezohiko eguna zela. Auto ilarak eta txakurrarekin paseoan zebiltzan lagun ugari zeuden. Barruan, atondutako barran kafea hartzen edo jarritako aulkietan ere beste hainbeste. Giro onean eta kiroltasunez, animatu eta zoriondu dute partaideek ariketa amaitzen zuena; akatsekin atsekabetu eta ondo egindakoekin poztuta. 

Mailaren arabera banatuta, bakoitzari zegokion zirkuitua osatu behar dute partaideek. Epaileek zakurraren eta jabearen trebezia puntuatuko dute, kontuan hartuta nola burutu duten eskatu zaiena. Gelditzea, ibiltzea, jabea aldendu arren lekutik ez mugitzea, salto egitea, ematen zaionari jaramonik ez egitea... Gidak emandako aginduari men egiten diola frogatu behar dute. 

Erabilgarritasunezko Kirol Mendetasuna osatzen dute lau graduetako binomioak (gida/zakurra) parte hartzen ari dira Xuhakanen eremuan. Hego Euskal Herritik eta Espainiako zenbait tokitatik etorriak dira, hala nola,  Guadalajara, Madril, Toledo, Palentzia, Salamanca, Bartzelona edota Valladolid.

Diziplina hori arraza, adina edo mestizajea kontuan izan gabe zakurrak lehia daitezkeen kirol bat egiteko nahitik sortu zen. Helburu nagusia ez da txakurrak gidak esandakoa egitea, beharrezkoa bada ere, bien arteko konexioa baizik; ariketak ahalik eta hobeen egiten saiatuta disfrutatzeko motibazioa eta jarrera sortzea. Gainera, egin beharreko ariketak egunerokorako baliagarriak dira, hau da, zakurra hezteko balio dute. Askotarikoak direnez, atseginak dira aurrera daramatzatenentzat eta apurka-apurka zailtzen doaz, egitearen egitez hobetzea ahalbidetzeko.