Lasarte-Oriako II. Mendi lasterketa. Juanlu oroituz proban izena emateko azken egunak eta urriko irteera Pirinioetera

Txintxarri Aldizkaria 2024ko irailaren 20a

Lasarte-Oria Trail Mendi elkarteak antolatutako Lasarte-Oriako  II. Mendi Lasterketa. Juanlu oroituz probako izena ematea azken egunetan sartu da. Partea hartzaileek hilaren 28an jaso behar dituzte dortsalak. Lehiaketaren ostean, urriaren 19an eta 20ean Piriniotara antolatu du irtera elkarteak

Atzera kontua hasi da. Astebete geratzen da Lasarte-Oriako II. Mendi Lasterketa. Juanlu oroituz probak Buruntza mendiko bideak korrikalariz betetzeko. Eta izena emate epea ixteko ere sei egun geratzen dira.

Hilaren 26a arte LOTMEko webgunean inskripzioa egiteko aukera izango dute parte hartu nahi duten korrilariek. Dortsal banaketa egunean ere, 28an, inskripzioak egiterik izango dela aipatu zuen LOTMEko kide Javi Olazagoitiak.

Dortsalak arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara eta probaren egunean, 8:00etatik 9:30era banatuko dira Antonio Mercero gunean.

Collaradara irteera

Bestalde, mendi elkarteak urriaren 19 eta 20ko asteburuan Aragoiko Pirinioetara irteera antolatu du. Zehazki Canfrancetik aterata  Collarada tontorreraino bidea egingo dute Ip iboitik pasa. Gailurra egin ostean, Villanuara jaitsiko dira. Guztira 19,3 kilometroko eta 1.760 metroko desnibel positiboa du ibilbideak.

LOTMEko bazkideei eta bazkide ez direnei irekitako jarduera mugatua da; 55 plaza. Izena ematea urriaren 11a arte edo plazak amaitu arte egin ahalko da mendi elkartearen webgunean. Irteerako xehetasun eta azalpen guztiak ere bertan daude eskuragarri.