EDUKI BABESTUA

Etxeko atea irekitzeko euskarari

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 20a, 11:00

Lasarte-Oriako haurrak ahalik eta hiztun osatuenak izatea da GurasoLeku egitasmoaren helburu nagusia. Horretara bideratuta eta familia tipologia desberdinetara egokituta dauden hiru programa barnebiltzen ditu: GurasoLagun, GurasoTegi eta GurasoLandia.  Azken horretako partaideek, gainera, TrukeLandia ere badute: hilabetean behin elkartzen dira bakoitzak bere bizipen eta ezagutzak gainerakoekin partekatzeko.

GurasoLeku egitasmoa 2014-2015 ikasturtean abian jarri zuten, beraz, udalerrian erabat errotuta dagoen proiektu bat da. Lan mahaia osatzen duten eragileek koordinatzen dituzte nondik norakoak: Sasoeta-Zumaburu eskola, Landaberri ikastola, Andrejoakinaenea haurreskola, Burunzpe Guraso Elkartea, Landaberri Guraso Elkartea, Muntteri AEK Euskaltegia, Lasarte-Oriako Euskara saila eta Ttakun Kultur Elkartea.

Aipatu foro horretako parte hartzaileek herritarrak animatu dituzte GurasoLekun izena ematera. Interesa dutenek hilaren 30era (astelehena) arteko epea dute horretarako. Horren ostean hasiko dira GurasoLagun, GurasoTegi eta GurasoLandia, urrian.

GurasoLagun

Euskaraz hitz egiteko gai den pertsona bat (bidelaguna) elkartzen da horretarako ohitura ez duen batekin (bidelaria), azken horrek mintzatzeko beharrezko mekanismoak barnera ditzan.

GurasoTegi

Haurrak ikastetxeetan dauden bitartean, euskara eskolak jasotzen dituzte gurasoek AEK euskaltegian eta oinarrizko gaitasunak landu.          

GurasoLandia

Aisialdiarekin zerikusia duten jarduerak aurrera eramaten dituzte haien haurrekin batera, familiartean tarte atsegin batzuk igarotzeko. Bi multzotan banatzen dira, 0-2 urte bitarteko haurren gurasoak eta 2-5 urte bitarteko umeen gurasoak.

TrukeLandia

GurasoLandian parte hartzen ari direnek ezagutza eta bizipenak partekatzen dituzte elkarrekin, hilabetean behin.

Zer diote parte hartu duten gurasoek?